Laugarrenez jarraian, Gipuzkoako txapeldun
Hondarribiko gizonen traineruak laugarrenez jarraian irabazi du Gipuzkoako Txapelketa. Historiako hamalaugarren txapela dute.
Laugarrenez jarraian irabazi zuen atzo Hondarribia Arraun Elkartearen gizonen traineruak Gipuzkoako Txapelketa. Sasoiko lehen estropada ofiziala izan zen Zarautzen egindakoa. Beraz, sasoia, aurten ere, oso emankorra izan daitekeela garbi azaldu zuten Mikel Orbañanosek zuzendutakoek: berdeen 14. Gipuzkoako Txapelketa izan zen atzokoa. Aipatzekoa da gizonen kategorian San Juan laugarren izan zela, eta San Pedro seigarrena. Hibaikak 10. postua eskuratu zuen.
Emakumeetan, berriz, Hondarribia laugarren izan zen, EuskoTren Ligan kontrario izango dituen Tolosaldea eta Hibaika, adibidez, atzean utzita. Donostiarrak irabazi zuen emakumeen txapelketa, segidan Orio eta Arraun Lagunak izan zituela.
Gizonen txapelketako txanda nagusian, hasieratik hartu zuen aurrea Hondarribiak. Donostiarra ziaboga guztietan lau segundora izan zuen. Azken luzean, baina, donostiarrak hondarribiarrengana asko-asko hurbildu ziren denboran eta espazioan, eta antza, elkar kontrako palakadaren bat izan zen. Helmugan, berdeek bost segundoko aldearekin irabazi zuten, baina epaileek deliberatu zuten Ama Guadalupekoa ontzia Donostiarrara gehiegi hurbildu zela, eta hiru segundoko santzioa ezarri zieten. Bukaeran eta zigorra barne 20.06ko denbora Hondarribiarentzat, 20.08koa Donostiarrarentzat. Haien ondoren Lapurdi (20.29) eta San Juan (20.33) sailkatu ziren: Erreka-k bigarren erdi aparta egin zuen, eta demostratu zuen sasoian Eusko Label Ligara igotzeko borrokan ibiliko dela, San Pedrorekin batera. Izan ere seigarren izan ziren moreak 20.47ko denborarekin. Gauzak horrela, atzoko sailkapenaren arabera, honako lau traineruek izango dute eskubidea Euskadiko Txapelketan aritzeko: Hondarribia, Donostiarra, Lapurdi eta San Juan.
Emakumeak
Emakumeen txapelketan Donostiarraren eta Orioren artekoa izan zen banderarako eta txapelketarako lehia. Bi segundoko aldearekin irabazi zuten hiriburukoek (10.49ko denbora egin zuten). Arraun Lagunak hirugarren izan zen (11.05), eta haien atzetik sendo aritu zen Hondarribia (11.14). Berdeek atzean utzi zituzten aurten EuskoTren Ligan arituko diren Tolosaldea (11.27) eta Hibaika (11.34). Errenteriarrek gerra handia emango dute EuskoTrenen, eta atzoko txapelketa izan zen horren erakusle.
Gizonen beteranoetan ordezkari bakarra izan zuen Oarso Bidasoak: Trintxerpe Illunbet laugarren izan zen.
Hemen, Gipuzkoako Txapelketako denbora ofizialak eta sailkapenak.