«Hiriak gurekin konfiantza izaten jarraitzen du»
Aurreko agintaldiko zinegotzi kopuru bera lortu du alderdi sozialistak Irunen: hamar. Santanok ez du zalantzarik, seigarrenez izango da Irungo alkate, «ez dagoelako beste alternatiba errealik».
Hamar zinegotzi mantenduko dituzue, 1.000 boto galdu badituzue ere. Zer balorazio egiten duzu ?
Duela lau urte baino parte hartze baxuagoa izan da, baino gure alderdiarentzat, ikuspegi askotatik, zaila zen testuinguru batean hamar zinegotziak mantentzeak erakusten du, nire ustez, hiriak gurekin konfiantza izaten jarraitzen duela. Herritarrek hiria gidatzen jarraitzeko aukeratzen jarraitzen duen lantaldea, alde handiarekin, gurea da.
Udal hauteskundeak irabazi dituzue, baina aldundirako boto paper gehiago jaso ditu EAJk. Zein izan daiteke arrazoia, zure ustez?
Irizpide ezberdinen arabera erabakitzen dugula herritarrok botoa. Argi dagoena da Irunerako dugun hiri proiektua, dugun taldea, eta urte luze hauetan egin duguna konfiantza osoz hartu dutela irundarrek. Aldundia udala baino urrunago ikusten dute, eta ez da hain argia zein eragin duen eguneroko bizimoduan. Uste dut aldundirako botoa ideologikoagoa dela, eta udalerako botoan bestelako faktoreak hartzen direla aintzat. Irunen, interesak hoberen babesten dituen proiektua aukeratzen dute udal hauteskundeetan.
Zer espero duzu hilaren 17an? Hasi dituzue harremanak gobernagarritasuna erraztuko duten hitzarmenak egiteko?
Hilaren 17rako ez dut zalantzarik: boto gehien jaso dituen alkategaia izan naiz, gure zerrenda izanda babestuena, eta alternatibarik ez dagoenez gehiengoa osa beharko litzatekeelako beste norbait aurkezteko, ni neu izango naiz alkate. Hasi gara beste alderdi batzuekin hitz egiten. Kontuan hartu behar dugu, gainera, testuinguru orokorragoan lehenesten ari den akordio markoa.
Testuinguru orokorra aipatu duzu. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan PSE-EEk eta EAJk akordio zabalak dituzte gobernagarritasunerako. Irunen ez da halakorik.
Historian izan dira akordioak. Udalean talde politiko guztiekin egin ditugu akordioak. Mahai gainean gobernu programa jartzen dugu, eta adostasunak izatekotan akordioak egiteko prest azaldu gara. PP, Elkarrekin Podemos, EAJ, edo Ezker Anitzarekin akordioak egin izan ditugu. Inoiz ez dugu inor baztertu eta egun ere, ez dago ezer baztertuta. Mahai gainean Irun eta gure proposamenak jarriko ditugu, eta besteen proposamenekin alderatuta zein adostasun dagoen aztertuko dugu.
Abstentzioa %45,91koa izan da Irunen. Hausnarketarik egin duzue?
Herrialde gisa egin behar dela hausnarketa uste dut, parte hartze datuak baxuagoak izan direlako Euskadin Espainiako beste erkidegoetan baino. Konbentzituta nago zerikusia izan duela puntakoak izan diren zerbitzu publikoen kaskartzeak, Osakidetzarena kasu. Esango nuke jendeak oso argi izaten duela hemen botoa, eta abstentzioa botoa aldatu aurreko urratsa dela.
Sei aldiz aurkeztu zara alkategai, eta seietan irabazi. Pentsatu duzu erretiroa hartzea?
Ez, momentuz ez dut planteatu erretirorik. Asko animatzen nau jendeak neu bozkatzen jarraitzeak, konfiantza hori erakusteak. Finean, politika hori da, konpromisoa eta konfiantza. Bi horiek osorik ditut, nire konpromisoa, eta herritarrek nireganako duten konfiantza. Denborak esango du, ezer ere ez delako betiereko, baina esan dezaket halakorik ez zaidala burutik pasa ere egin. Irungo hiriari eta herritarrei eskerrak eman nahi dizkiet konfiantza eta babesagatik, niretzako pribilegioa eta ohorea da Irungo alkate izatea.
Voxek bikoiztu baino gehiago egin ditu lortutako botoak 2019ko hauteskundetakoekin alderatuta. Kezkatzen zaitu?
Kezkatzen nau, bai, extremismoaz eta gorrotoaz elikatzen den aukera politikoa delako Vox. Ez litzaidake gustatuko Voxek ordezkaritza izatea Irungo Udalean. Banaketa eta gorrotoaren botoa da, eta horrekin ezin da ezer eraiki.
Ordezkaritza lortzeko 51 botoren faltan gelditu da IZAIA.
Ezustekoa izan da. Azken orduan sortu den aukera politikoa izan da, eta ez dute denbora asko izan kanpaina egiteko. Hor beste ezaugarri batzuk daude, badirudi alardea izan daitekeela tartean. Irundar dezenteren babesa jaso dute, eta aztertzen ari gara.
Alardearekin aldaketarik izango da?
Alardeaz komunikabideekin gutxi hitz egin eta barne mailan kontsentsu handienak lortzen saiatzen gara, ekainaren 30a ahalik eta ondoen atera dadin. Gure jarrera alardearekin neutraltasun instituzionalarena da, eta hori mantenduko dugu etorkizunean.