Egun osoko festa, herri olinpiadak bukatzeko
Sukaldean erabakiko da zein taldek eskuratuko duen Hondarribiko Herri Olinpiaden urrezko domina. Egun osoko festa antolatu dute biharko: bazkaria, lehiaketa eta kontzertuak izango dira Zumardian.
Asteburu honetan itzaliko da Hondarribiko Herri Olinpiaden sugarra, aurtengo azken eguna izango baita biharkoa. Bazkaria, sari banaketa eta kontzertuak antolatu dituzte, azken egun handi hori «biribildu» nahi izan baitute. Egun «luze, konpleto eta polita» izango dela kontatu du antolaketa lanetan dabilen Urko Iridoik.
Biharkoak Gazte Egunaren itxura antzekoa izango du, festa nagusia Zumardiak jasoko baitu. «Guretzako Gazte Eguna 2.0 da biharkoa. Leku berberean egingo dugu, espazio berberarekin», azaldu du Iridoik.
Sukaldean erabakiko da aurtengo talde garailea, jokoen ordez, pintxo eta paella lehiaketak egingo baitituzte herriko gazteek. «Lehia bizia» izango dela aurreikusi du hondarribiarrak, sailkapenaren goialdea estu baitago egun. Tentetapotente da buru, 25 punturekin. Bigarren sailkatua Amonan Xalda Berua taldea da, 24 punturekin. Haien atzetik, eta puntu bat edo bira, Xibaritak (23 puntu), Txikhotia (22), Faki ta Faki (21) eta Guazemizia (21) taldeak daude. «Azken momentuko sorpresa asko izan daitezke».
Antolatzaileak oso pozik daude herriko gazteek emandako erantzunarekin. «Jendeak konpromisoa hartu du, jokatzeko, baita antolaketa lanetan aritzeko ere», adierazi du, pozik, Iridoik.
Asteburu hilak biziberritzen
Hondarribiari «bizitza eta elkartasuna» eman dietela uste du Iridoik, «asteburu hil horiek biziberritzeko» gai izan direla. «Hondarribiko lagun talde asko gara, 400dik gora. Elkartu gara, une asko bizitu ditugu batera, ez bakarrik olinpiada egunetan. Herriari beste itxaropen bat eman diogu, olinpiadak antolatzen hasi ginen arte ez zegoena. Beti esan dugu gazteentzako ez zegoela ezer herrian. Eta uste dut ez dagoela inor gu baino hobea gure nahiak asetzeko, eta lortu dugula».
Datorren urteari begira olinpiadak «handitu» nahi dituztela kontatu du Iridoik. 18 urte inguruko kuadrilla gehiago nahi dituzte, baita «beteranoak» ere.
11:30 inguruan hasiko dira kozinatzen, eta 14:00etan helduko da egindakoa jateko unea. Arratsaldean, berriz, Txiltxoko, Mirua, Zarata eta Fresamorango taldeek dantzan jarriko dute Zumardia.