[Argazki galeria] Euskaldunen istorioen bila
Euskaldunak eta haien istorioak ardatz hartuta, Iñaki Goikoetxea eta Maialen Lopez zazpi hilabeteko bidaia batean murgildu ziren Hego Amerikan. Istorio horiek sare sozialetan zabaldu dituzte.
Mondragon Unibertsitateko Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoaren gradu amaierako lana gauzatu dute Iñaki Goikoetxea eta Maialen Lopez irundarrek berriki. Hemen Gaude proiektuan, zazpi hilabeteko bidaia bat egin dute Hego Amerikan barrena, Argentinatik Kolonbiaraino, Txiletik, Uruguaitik, Paraguaitik, Brasildik, Boliviatik, Perutik eta Ekuadortik igarota. 33.000 kilometro osatu dituzte Euskal Herritik bidalitako auto batean, iazko irailetik aurtengo apirilera arte, euskaldunak eta haien istorioak ardatz hartuta.
Goikoetxeak aitortu du “betidanik” izan dutela buruan bidaia luze bat egitea, eta, graduondoko lana aitzakiatzat hartuta, egia bihurtu dute euren nahia. Hego Amerikan ibili diren denboran, “euskaldunak eta euskal kulturarekin lotura duten lekuak eta pertsonak” bisitatu dituzte. Bidean topatu dituzten euskaldunak elkarrizketatu dituzte; bi minutu inguruko bideoak sortu dituzte ondoren; eta beren sare sozialetan jarri: “Gure hausnarketa zen euskal diasporari buruz bibliografia eta dokumental asko dagoela, baina aurrez ez zegoela jarraipenik eginda sare sozialetan. Bideo txikien bitartez, topatzen genituen istorioak sare sozialetan zabaltzea zen proiektuaren helburua”.
Irundarrek Buenos Airesen hasi eta Cartagenen (Kolonbia) bukatu zuten bidaia. Denbora horretan, “euskaldun askorekin” egoteko aukera izan zuten, “euskal diasporan istorio asko” baitaude kontatzeko; laurogei bat aukeratu dituzte eurek.
Goikoetxea eta Lopez euskaldunen istorioen “argazki orokor bat ateratzen” saiatu dira, “proiektuari ikuspegi zabal bat emateko”. Hori dela eta, euskara, euskal kultura, euskaldunen migrazio prozesua, historia, lankidetza proiektuak eta euskaldunek Hego Amerikan izan zuten rola jorratu dituzte. “Euskaldunak Hego Amerikan beti ez garela onak izan ere kontatu nahi izan dugu”, esan du Goikoetxeak.
Zazpi hilabeteak “emankorrak” izan dira bidaiarientzat. Dena “oso ondo” atera zaiela onartu du Goikoetxeak, bidean “jende zoragarria” topatu baitute. Bertako jendeak etxeko ateak ireki dizkiela nabarmendu, eta proiektua begi onez ikusi dutela gaineratu du irundarrak: “Jendeak eskerrak eman dizkigu haiengana joan garelako. Azaldu genien gure helburua zela haiek ezagutaraztea eta istorioak zabaltzea. Dena gure esfortzuarekin egin dugunez, aitortu egin dute gure lana”.
Liburu bat egitea buruan
Hilabete bat igaro da irundarrak Euskal Herrian lurreratu zirenetik. Ordutik, bidaiaren bideoak sare sozialetara igotzen jarraitu dute bi sustatzaileek. Etxera itzuli berritan, hitzaldi bat eman zuten Donostian, eta haien asmoa da bidaia ezagutarazten jarraitzea. Goikoetxeari abenturari buruzko liburu bat egitea gustatuko litzaioke. “Ea aukera dugun”.
Honakoak bidaiaren hainbat argazki, Iñaki Goikoetxeak HITZA-ri bidalitakoak.