Oarso Bidasoko zazpi traineru, Gipuzkoako Txapelketan
Zarautzen izango da herrialdeko txapelketa, igandean. Beteranoen, gizonen eta emakumeen kategorietako txapelak izango dira jokoan.
Azken urteetan egin moduan, aurten ere traineruen ligak hasi baino lehen egingo dute Gipuzkoako Traineru Txapelketa. Igandean egingo dute sasoiko lehen traineru ofiziala izango dena, Zarautzen. Oarso Bidasoko zazpi ontzi izango dira lehian.
10:30ean hasiko da beteranoen estropada. Han, Oarso Bidasoko ordezkari bakarra Trintxerpe-Illunbe izango da. Haiekin batera Badok 13, Fortuna eta Zumaia izango dira txanda osatzen.
Gizonen kategorian hiru txanda izango dira, 11 trainerurekin. Horietatik lau dira Oarso Bidasokoak. Horrela banatu dituzte txandak (11:00etan hasiko dira):
- Lehen txanda: Mutriku, Hibaika eta Lapurdi.
- Bigarren txanda: Zumaia, San Juan, San Pedro eta Zarautz.
- Hirugarren txanda: Donostiarra, Getaria, Hondarribia eta Orio.
Emakumeen kategorian, berriz, bederatzi izango dira lehiakideak, hiru txandatan banatuta (12:20an dira hastekoak). Bi dira Oarso Bidasoko traineruak. Honakoak dira hiru txandak:
- Lehen txanda: Hernani eta Zarautz.
- Bigarren txanda: Zumaia, Hibaika eta Hondarribia.
- Hirugarren txanda: Arraun Lagunak, Donostiarra, Orio eta Tolosaldea.
Iazko edizioan, gizonetan Hondarribia izan zen txapeldun, San Pedro bosgarren izan zen, San Juan seigarren, Hibaika hamargarren eta Trintxerpe-Illunbe hamabigarren. Emakumeetan, berriz, Hibaika bosgarrena izan zen, eta Hondarribia seigarrena. Hondarribiko estropada eremuan jokatu zen lehia.