Prestige itsasontziaren hondamendia gogorarazteko erakusketa antolatu dute
Herriko arrantzaleei "omenaldi xumea" egin nahi izan diete, kostaldea garbitzen aritu zirenei. Garbiketa horietan ateratako irudiak bildu dituzte Arma Plazan.
2003ko Prestige petrolio ontziak isuritako hondamendiaren harira, erakusketa antolatu dute Hondarribian. Herriko arrantzale ugari txapapote bilketan aritu ziren, eta saio horietan ateratako irudiak ikusgai jarri dituzte jada Arma Plazan.
Hondamendia Galiziako kostaldean izan zen, 2002ko azaroan izan zuen lehen pitzadura Prestige ontziak. 2003ko urtarrilean orban beltz izugarri bat heldu zen euskal kostaldera. Guzti hori garbitzen aritu ziren Euskal Herriko 130 barku baino gehiago. Jaurlaritzak arrantzaleekin batera antolatutako taldeak 21.000 tona fuel-olio jaso zituen itsasoan bertan.
Lan horietan parte hartu zuten arrantzaleei “omenaldi xumea” egin nahi izan diete erakusketarekin. Miguel Zeberio izan da proiektuaren buru.
Herritarrak “hausnarketa praktikoa egitera” gonbidatu dituzte antolatzaileek.