"Emaitzen hausnarketa sakon bat" egiteko konpromisoa hartu du EAJk
Taldeak aitortu du igandeko emaitzak "txarrak" izan direla, eta datozen egunetan "irakurketa lasaia" egingo dutela Uri Buru Batzarrean.
Igandeko udal hauteskundeen gaineko balorazioa egin berri du EAJk. Jeltzaleek jasotako porrota ikusirik, “hausnarketa sakon bat” egiteko konpromisoa hartu dute. Aitortu dute “emaitzak txarrak” direla, eta hiru mezu helarazi nahi izan dizkiete hondarribiarrei. Hemen, hauteskunde historiko hauen emaitza guztiak kontsultatu daitezke.
Lehenik eta behin, eskerrak eman dizkiete EAJ bozkatu zuten guztiei. “Jasotako babesa, herri mailan, aurrekoa baino txikiagoa izan da, baina Hondarribian eta udaletxean indar aktibo bat izateko ardura aitortzen zaigu eta arduraz jokatuko dugu. Are gehiago ikusirik, Batzar Nagusietarako hauteskundeetan, Hondarribian lehen indarra izaten jarraitzen dugula eta herriak gugan konfiantza jarri duela”, esan dute EAJren iturriek.
Bigarrenik, Abotsanitz zoriondu dute. Lehen indar politikoak jaso duen babesa “handia” izan dela diote, eta “erantzukizunez kudeatzea” espero dute jeltzaleek.
Hirugarrenik eta azkenik, “gertatutakoaren hausnarketa sakon bat egiteko konpromisoa” hartu du Hondarribiko EAJk. Datozen egunetan Uri Buru Batzarrean “irakurketa lasaia” egiteko denbora hartuko dute, eta datozen asteetan hausnarketa honen ondorioak kontrastatuko dituzte Tokiko Batzarrean. Ondoren, herritarrekin partekatuko dute.