PSE-EE eta EAJ indar nagusi, bozen jaitsiera nabarmenarekin
Sozialistek 10 eserlekuei eutsi diete eta jeltzaleek euren 7ei. EH Bildu, berriz, hirugarren indar izatera pasa da 4 eserleku eta 4.036 botorekin.
Jose Antonio Santano sozialistak irabazi ditu 2023ko udal hauteskundeak seigarrenez 8.123 botorekin. Udalbatzako 10 eserlekuei eutsiko dio PSE-EEk eta bigarren izan den EAJk ere bere 7 eserlekuak mantenduko ditu 5.738 botorekin.
Irungo hirugarren indar berria da EH Bildu, 2019an baino eserleku bat gehiago irabazita (4) 4.036 botorekin. PPk ere igoera izan du eta eserleku bat izatetik bikoitza izatera igaro da (2) 2.122 bozekin.
Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza-Aliantza Berdeak jaitsiera nabarmena izan du eta 2 eserlekurekin geratu da, orain artean 4 zituelarik. Guztira, 2.292 boz izan dira koalizio morearentzat, 2019an baino 2.099 paper gutxiago jaso dituzte.
Era horretan, kolokan da PSE-EE eta koalizio morearen arteko udal gobernua, gehiengoa osatzeko 13 eserleku behar baitituzte eta 2023ko zenbaketek diote 12 eserleku dituztela elkartuz gero.
PSE-EE eta EAJk, hurrenez hurren, lehen eta bigarren indarra izateari eutsi badiote ere, botoen jaitsiera azpimarratzekoa izan da bi alderdientzat. Sozialistek 2.049 boz gutxiago izan dituzte eta jeltzaleek 1.335 boz-paper gutxiago jaso dituzte.
Kezkatzekoa da Voxen igoera, 2019ko hauteskundeetan 448 boz bereganatu zituzten, eta, aurten, 1.028 boto eman dizkiote, hau da, 580 boz gehiago eman dizkiote irundarrek.
Era berean, ezustekoa eman du IZAIA alderdi berriak 1.227 botorekin. Duela lau urteko botoei erreparatuta eserleku bat izango lukete, baina 2023ko zenbaketek ez diete udalbatzan lekua ematen.
Parte-hartzea %54,14koa izan da, guztira 25.010 boz bota dituzte hautetsontzietan. Abstentzioa %45,91koa izan da, 427 boto zuri eman dira eta 333 boto izan dira baliogabeak.