75 mahaietan erabakiko da Irungo udalbatza nola eratuta izango den
47.282 irundarrek dute udal hauteskundeetan bozkatzeko eskubidea eta 23 bozkaleku prestatu dituzte horretarako.
2023ko udal eta foru hauteskundeak izaten ari dira gaur eta Irunen 47.282 pertsonek dute udalbatza osatzeko boto papera erabiltzeko eskubidea. 2019ko udal hauteskundeetako datuekin alderatuta, 125 pertsona gehiagok dute horretarako eskubidea. Bestetik, duela lau urte %39,22k abstentzioa izan zen.
Guztira, 75 mahai eta 23 bozkaleku daude Irunen aurten. Azken hauteskundeak legebiltzarrera begirakoak izan ziren 2020an, pandemia erdian, alegia, eta hainbat egokitzapen egin behar izan zituzten mahai eta bozkalekuetan. Bada, aldaketa horiek deuseztatu dituzte eta horiek lotura honetan kontsulta daitezke.
Hauteslekuak 09:00etan irekiko dituzte eta 20:00etan itxi, ohi moduan. Bertan, udalerako zazpi zerrendekin egingo dute topo irundarrek: PSE-EE, EAJ, Elkarrekin-Podemos-IU-Aliantza Berdea, EH Bildu, PP, IZAIA eta Vox.
2019koetan, botoetan, sozialistak izan ziren garaile 10.172 boz eta hamar ordezkarirekin. EAJ 7.073 herritarrek babestu zuten, zazpi ordezkari lortuta; Elkarrekin-Podemos-IUk 4.391 boz bereganatu zituen eta 4 eserleku egokitu zitzaizkion. Errepasoarekin segituz, EH Bilduk 3.989 boz eta 3 eserleku bereganatu zituen; PPk 1.552 boz jaso eta eserleku bakarra esleitu zitzaien; eta Ciudadanosek 655 botorekin eta Voxek 498rekin ez zuten inolako ordezkaritzarik lortu.
Eszenario horren aurrean sozialistek gutxiengoan gobernatzeari ekin zioten, baina 2020ko azaroan itun bat egin zuten Elkarrekin-Podemos-IUrekin eta gehiengo osoa eratu zuten 13 eserlekurekin. Akordio horrek ez zuen eraginik izan EAEn sozialistek eta jeltzaleek duten adostasunean.
Udal gobernuko karguak bi alderdien artean banatu zituzten. Hala, Gazteria, Ongizatea, Berdintasuna, Memoria Historikoa eta Euskara departamentuak koalizio morearenak izan dira; aldiz, Kultura, Udaltzaingoa, Ogasuna, Hirigintza, Kirola eta Mugikortasuna sozialistenak.
Alkategaiei erreparatuta, guztira zazpi dira zerrenda osatu dutenak eta horietatik sei dira gizonak eta bakarra emakumea. Hautagai guztien artean Jose Antonio Santanok eta Xabier Iridoik errepikatuko dute hautagaitza, hurrenez hurren, seigarren eta laugarren aldiz. Besteek lehen aldiz hartu dute zerrendaren lidergoa eta horiek honako hauek dira: David Nuño Garcia (Elkarrekin-Podemos-IU-Aliantza Berdea); Oihana Briones Aramendi (EH Bildu); Iñigo Manrique Cia (PP); Jose Manuel Campo Requejo (IZAIA); eta Pedro Ignacio Gandasegi Agorreta (Vox).