[Elkarrizketa] «Naturari buruz dugun kultura galtzen ari da»
Herpetologian aditua da, eta CAF-Elhuyar saria irabazi berri du hirugarrenez hondarribiarrak, kazetaritza zientifikoaren kategorian. Aranzadi Zientzia Elkarteko kide da ere bai.
Biologia, herpetologia, ikerketa, irakaskuntza eta kazetaritza zientifikoa ditu bokazio Iñaki Sanz-Azkue hernaniar-hondarribiarrak. Orain, gainera, irakaskuntzan 10 urte pasa eta gero, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Ingurumen aholkularia da, Irun eta Hondarribiko ikastetxeetan. Ibilbide profesional luzekoa da, eta Hondarribiari egindako ekarpenez aritu da Sanz-Azkue, baita saritu berri duten bere artikuluaz ere, Dragoi txiki bat egongelako horman.
Hirugarrenez irabazi duzu CAF-Elhuyar saria. Zure buruari ‘kazetari zientifiko’ deitzen diozu?
Ez, ez dakit zer deitu. Esaten dudana da biologoa naizela, eta egia da momentu honetan hirugarren aldia dela CAF-Elhuyar saria ematen didatena. Agian onar daiteke kazetaritza munduan banabilela, 74 erreportaje dibulgatzaile idatzi ditudalako dagoeneko. Eta nondik datorren hori? Ez da kasualitatea. Unibertsitatera joan behar nuen garaian lau aukera hartu behar nituen eta horien artean zeuden biologia, kazetaritza eta euskal filologia. Hirurak nahasten bukatu dut, eta dena hortik doala uste dut.
Dragoi txiki bat egongelako horman artikuluarengatik saritu zaituzte. Epaimahaiak adierazi zuen klima aldaketari buruzko lanek hondamendi kutsua izaten dutela, baina zure lana xumetik eta txikitik landutakoa dela. Kontziente izan zara hala idatzi nahi zenuela?
Askotan gustatzen zaidana da adibide konkretu bat, gertukoa, hartzea azaltzeko beste hainbat gauza konplexu eta, kasu honetan, banekien dragoitxoa espezieak emango zidala aukera klima aldaketaz hitz egiteko, adibide konkretuekin eta gertukoarekin, eta aldi berean hitz egiteko fisikaz, atomoen mailaraino. Hori da egiten duena artikuluak, hori da bertako azkeneko esaldia. Hau da, dragoitxo batek edota sugandila mota honek erakutsi dezakeela nola atomotik klima aldaketarainoko azalpenak eman ditzakeen animalia batek. Kontzienteki egin nuen, intentzioa hori delako askotan: gauza horren konplexutasuna adibide konkretuekin azaltzea, eta uste dut hori dela baloratu dutena.
Dragoitxo horiek trenean iritsi ziren Irun eta Hondarribira. Nolatan?
Hori da pentsatzen dena, zeren askotan topatu izan dira trenetan. 2012an artikulu zientifiko bat atera genuen kontatuz dragoitxo hauek Mediterraneokoak zirela, eta hasi ginela horiek aurkitzen Irunen, estazio inguruan. Eta 2012tik, gaur arte, 10 urte pasata gutxi gorabehera, ikusi dugu bakarrik ari direla iristen. Urtero agertzen dira Hondarribiko Alde Zaharrean, urtero etxeetatik bidaltzen didate dragoitxo baten argazkia, eta, azken urteetan, kumeak hasi dira agertzen. Horrek esan nahi du ugaldu egiten direla, eta hori klima aldaketarengatik gertatzen da. Neguak askoz suabeagoak dira, eta horrek baimentzen du hori horrela izatea.
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Saileko Ingurumen aholkularia zara Bidasoan. Zein da lan horren erronka nagusia?
Erronka nagusia da ikastetxeetan ingurumenari eta jasangarritasunari lotutako proiektuak bultzatzea, aholkularitza ematea eta, azken finean, ikastetxeak laguntzea. Zortedun naiz, eremu honetan aritzea tokatu zaidalako, eta aurretik badudalako esperientzia. Izan ere, Aranzadi Zientzia Elkartearekin urte askotan lanean egon eta gero, eremua ezagutzen dut, hezkuntzan ere 10 urte daramatzat eta, gainera, eremu honetan. Aukera oso polita da, gozatu egiten dut horrelako proiektuak ateratzen direnean inguruko ikastetxeetan. Hori guztia koordinatzen dugu.
Horri gehitu kazetaritza, biologia eta irakasle lana…
Eta ia dena euskaraz! Dibulgazioa asko gustatu izan zait betidanik, eta bere garaian, hezkuntzan sartzeko proposamena egin zidatenean, probatu nahi izan nuen. Konturatu nintzen hori ere ikaragarri gustatzen zitzaidala. Bi lerro horiek, ingurumena eta hezkuntza, txertatu ditut, eta hirugarren lerro bat ere txertatu dut, asko gustatzen zaidana: ikerketa. Ingurumen hezkuntzaren ikerketan ere aritu naiz Hondarribian Talaia ikastetxean izan nintzenean.
Ingurumen hezkuntzaren osasuna Bidasoan. Nolakoa da?
Badago behar bat momentu honetan, nabaria: 2022an Nazio Batuen Erakundeak adierazi zuen krisi ekosozialaren aurrean hezkuntzak du indargunea. Orokorrean, ingurumen hezkuntza indarra hartzen hasi da, eta ikerketa hasi da horra gerturatzen, zeren horren beharra ere baitzegoen. Eskualdean, zortea eduki dut hainbat eskolarekin lan egiten dudalako, eta badago jende bat interes handia daukana, eta gauza oso polit eta oso baliagarriak egiten ari dena. Urteak daramate ikastetxe batzuetan gai honen bueltan lanean, eta beste ikastetxe batzuk orain dela urte batzuk hasi dira. Bakoitzak bere erritmoak ditu, bere beharrak, baina iruditzen zait etorkizunera begira etorkizun polita egon daitekeela, ondo saretuta, ondo landuta, eta ondo lagunduta ikastetxe horiek.
Kapen Hondarribiko fauna eta flora ezagutzeko karten jokoaren sortzailea ere bazara, eta hondarribiarrak bioaniztasunean murgiltzea da horren asmoa, Hondarribiko euskalkia erabilita, gainera. Zer moduz artxibo lan hori?
Nire kasa ibili nintzen Hondarribiko baserri batzuetan eta Portu aldean pertsona batzuei bertako animalien izenak galdetu eta biltzen. Hori, adibidez, bada zerbait urgente eta egin beharrekoa. Horrek badauka izen bat: biokulturaren ezagutza. Naturari buruz dugun kultura galtzen ari da, ez hizkuntza galtzen ari delako, baizik eta hizkuntza urbanizatu egin delako, ez dugulako behar animalia horien izenik. Ordea, naturak asko esaten du gure hizkuntzaz eta gure kulturaz. Hondarribia bada leku oso berezi bat, eta Irun ere izan daiteke padurak dituelako, mendiak dituelako, itsasoa dugulako eta, beraz, biokultura ezagutza oso handia du. Baina biokultura ezagutza handia dutenak joaten ari dira. Elkarrizketak egin ditut, eta niri ikaragarri gustatzen zaidan zerbait da, asko ikasten delako, eta bertan izenak bakarrik ez, kondairak, mitoak, ipuinak edota bertako esaerak agertzen dira askotan. Karta jokoa egin genuenean iruditu zitzaidan erreminta bat familiak biodibertsitatera gerturatzeko, baina eskoletan ere erabiltzen dugu. Jokoa sortzerakoan bertako hizkuntza ekologia sartzea garrantzitsua zela pentsatu genuen. Askotan hezkuntzan esaten da bertako adibideak behar ditugula, bertako ereduak… nik uste Kapen-ek betetzen dituela ezaugarri horiek guztiak.
Ezagutza txikitzen ari da?
Txikia da, eta txikitzen ari da. Pentsa ez dugula kontakturik, eta ez ditugunez, ez dugu ezagutzen, ez dugu ikusten. Baina dagoeneko ez daukagu pertsonarik inguruan zer den esango diguna ere. Garai batean bai, aitonak edo amonak esango zigun txori horrek halako izena du, edota apo horrek halako izena du. Gaur egun, beraz, bi gauza ditugu; bata, natura urruti; eta bigarrena, galtzen ari gara hizkuntza hori. Orduan, bi gauzak elkartzen direnean interes falta bat sortzen da, eta falta horren aurrean dagoeneko berdin zaigu zein animalia dauden eta zein ez. Kontserbazio aldetik eragina dauka gizartean, denak dira txoriak, berdin zaigu zein desagertzen den eta zein ez.
Jaizkibelgo errotarriak produzitzearen asmoa zein zen frogatzen aritu zarete. Zerk erakarri zintuen herpetologiatik urrun dagoen ikerketa horretara?
Gainontzeko gauza guztiak bezala! Begira, Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea naiz, urteak daramatzat bertan eta ezagutzen ditut Aranzadiko kide asko. Horien artean Javi Castro ezagutzen nuen, etnografoa da, eta bere espezialitatea da errotarri harrobiak bilatzea. Javik [Castro] esan zidan: «Iñaki baditut dokumentu batzuk oso zaharrak, XVII. mendekoak, esaten dutenak errotarri harrobiak zeudela Jaizkibelen. Erne ibili joaten zarenean mendira». Halako batean, aurkitu nituen Aitona Maximo Sagarzazuren mapak, eta bertan bazegoen toponimo bat zela Errotarri, eta mendian zegoela, itsasoaren mailan. Orduan, Javiri deitu nion: «Aizu, Javi, hau oso berezia da, mendian itsasoaren mailan Errotarri izeneko toponimo bat dago». Testamentu batean ere errotarrien gainekoak ikusi genituen, eta Jaizkibelera joan ginen egun batean. Lehen aldian, errotarri erdi bat topatu genuen. Geroago, errotarri harrobi bat aurkitu genuen eta, orduan, proiektua martxan jarri zuen Javik; nik esan nion biologoa nintzela eta ez nekiela honi buruz ezer. Baina eremua inork baino hobeto ezagutzen nuela esan zidan hark, eta banekiela zer non topatu. Ordutik, erreportaje pare bat idatzi dut horri buruz, eta horiek, egia esan, ikaragarri zabaldu ziren. Beraz, ibili naiz mendiko lana eta komunikazio lana egiten.
Zuen lana izugarri zabaldu dela esan duzu. Baina zer eman dizue egindako horrek guztiak?
Hasteko, jendearen harridura herrian bertan. Ezjakintasuna zegoen, memoriatik desagertutako zerbait zen, eta jendea harritua gelditu zen jakitean nola Jaizkibelgo XVI. mendeko errotarri batzuk Ameriketara bidera zitezkeen, eta posible izan zela horiek Indietaraino eramatea. Udalaren aldetik alderdi politiko guztien babesa jaso dugu, ez dela gutxi. Adostasuna lortu dute proiektu honek aurrera joan behar zuenaren gainean, eta horri esker hasi gara ulertzen garai hartako Hondarribia nolakoa zen, zer-nolakoa zen orduko gizartea. Ez zela arrantzalea eta nekazaria bakarrik, bazegoen industria. Guri pertsonalki ezagutza eta aberastasun handia eman digu, eta bestetik, interes handia sortu duela uste dut. Hori ona da, jendea engantxatzen duelako ere bertako historia eta kulturara, eta hori ezinbestekoa da gero lanak kontserbatzeko eta ikerketa lanak bultzatzeko.