Berdintasun politiken inguruko balorazioa egin du Elkarrekinek
2020ko abenduan hartu zuen koalizioak Irungo Udaleko Berdintasun ordezkaritza, eta legegintzaldian gauzatutako berdintasun politikak izan dituzte gaur hizpide Miren Etxebeste udaleko Berdintasun ordezkariak eta David Nuño Irungo Elkarrekin koalizioko alkategaiak.
2019-2023 legegintzaldia bukatzear da, eta Miren Etxebeste Irungo Udaleko Berdintasun ordezkariak eta David Nuño Irungo Elkarrekin koalizioko alkategaiak legegintzaldian gauzatutako berdintasun politiken inguruko balorazioa egin dute gaur goizean Luis Mariano kalean. Elkarrekinek 2020ko abenduan hartu zuen bere gain Irungo Udaleko Berdintasun ordezkaritza, udalak arlo horretan zuen “gabezia handiari buelta emateko asmoz”. Etxebestek aitortu du “hainbat frontetatik” ekin ziotela lanari.
Emakumeen Etxea
Lehenik eta behin, Berdintasun ordezkariak adierazi du 2011tik geldi zegoen Emakumeen Etxearen proiektua martxan jarri zutela, bi helburu betetzeko asmoz: “Irungo Emakumeen Etxearen egitura definitzea eta mugimendu feminista proiektu ilusionagarri baten inguruan kohesionatzea”. Etxebestek gogorarazi du pandemia betean ekin ziotela prozesu parte hartzaileari, Emakumeen Etxea errealitate izateko: “Inork ez zuen hartzen lidergoa, ez zuen inork apustua egiten. Guk argi genuen proiektu hori aurrera atera behar zela”.
Etxebestek aitortu du helburua bete dela, Emakumeen Etxea hor baitago. Prozesua “aberasgarria” izan dela esan du: “Benetan parte hartzailea izan da, Irungo emakume guztientzat den Irungo Emakumeen Etxea nolakoa izatea nahi genuen definitu zen, eta irunerako kogestio eredu propioa definitu zen”. Lokala prest dagoela iragarri du Berdintasun ordezkariak, orain, erabiltzea besterik ez da falta. Etxea irekitzeko “azken xehetasunak” falta badira ere, Etxebestek nabarmendu du alderdi sozialistak ez duela nahi izan kanpainan zehar irekitzea: “Borondate politikoa falta da Emakumeen Etxea irekitzeko”.
Etxearen “funtzionamendu egokia” bermatzeko, “funtsezko” gai bat konpontzeke dagoela baietsi du Etxebestek: Irungo Udalaren eta Irungo Emakumeen Etxearen Elkartearen arteko kogestioaren hitzarmena. Berdintasun ordezkariak zehaztu du “zirriborroak” daudela, baina oraindik ez dela sinatu. Ordezkariak argi utzi du “sinatuta edukitzea” gustatuko litzaiekeela, baina legegintzaldia bukatu da eta zeregin hori korporazio berriak hartu beharko du: “Hori da hurrengo legegintzaldirako lehen etxeko lanetako bat: hitzarmen hori ixtea. Beharrezkoa da etxearen funtzionamendu onerako”. Hala ere, Etxebestek argi esan du, irailerako Emakumeen Etxeak martxan egon nahi badu, “hitzarmenak adostuta, sinatuta eta osoko bilkuratik pasata” egon beharko duela, beranduenez abuzturako.
Indarkeria matxista
Berdintasun ordezkariak indarkeria sexistaren arloko Erakundeen ateko Koordinazio Protokoloa nabarmendu du, hori izan baitzen “beste erakunde batzuekin eta mugimendu feministarekin koordinatuta” lan egin zuten lehen gauza, “udaleko Berdintasun Batzordea indartuz”. Protokolo “abangoardista” bat osatu dutela iragarri du Etxebestek, eta horri esker, Berdintasun Ministerioaren saria jaso zuten, “Berdintasunerako ordezkaritzatik gidatutako lanari esker”.
Hala ere, saria Berdintasunerako ordezkaritzaren eta kolektibo feministen artean lortutakoa izan bada ere, beste batzuek “merituak esleitu” nahi izan dituztela esan du Etxebestek, “argazkian” ateratzeko. Berdintasun ordezkariak, dena den, argi du nork gauzatu zuen protokoloa: “Guk badakigu eta mugimendu feministak badaki norena den benetan protokolo horren sinatzailea: mugimendu feminista Berdintasun ordezkariarekin”.
Etxebestek gaineratu du gainerako arloekin “koordinatuta” egin dutela lan legegintzaldian, “indarkeria matxistaren edozein kasuren aurrean ahalik eta erantzunik onena emateko”. Lan hori “jaietako indarkeria matxistaren kasuei aurre egiteko prebentzio eta erantzun protokoloak eta genero indarkeriaren aurkako sentsibilizazio kanpainak hobetzean gauzatu” dela nabarmendu du.
Sentsibilizazio jardunaldi horiek azaroan gauzatu zirela oroitu du Etxebestek, azaroa baita “genero indarkeriaren aurkako hilabetea Irunen”. Alde batetik, gazte eta helduentzako sentsibilizazio kanpainak bideratu zituzten, eta hurrengo egitekoa kanpaina horiek adinekoei zuzentzea dela baietsi du ordezkariak, adin tarte horri ere iristeko.
Horrez gain, indarkeria matxista guztiz desagerrarazi nahi bada, “gardentasunez eta ausardiaz” jokatu behar dela esan du Etxebestek, bi arrazoirengatik. Alde batetik, ordezkariak nabarmendu du udalak inkesta orokor bat egin ziela Irungo 400 emakumeri, eta horietako batzuek erantzun zuten “San Martzialetan soldadu janzteagatik indarkeria jasan zutela eta udalak ez zituela babestu momentu horretan”. Hala ere, inkesta hori alkatetzatik “zentsuratuta” dagoela esan du Etxebestek, “kaxoian sartuta”. Bestetik, 2018an, hiriko puntu arriskutsuen mapa bat osatu zuten, eta hori ere zentsuratua dagoela esan du Berdintasun ordezkariak.
“Hiriaren irudi itsusi bat azaltzen duena kaxoian sartu eta zentsuratu egin zen. Eskatzen duguna da kaxoi horretan dauden gauza guztiak ateratzea. Horrela, gardentasunez jokatuko dugu udal bezala. Gure hiriko arazoak onartu behar ditugu konpondu ahal izateko”, baietsi du Etxebestek.
Berdintasun Plana
Ezbaia sortu duen beste gaietako bat V. Berdintasun Planarena izan da. Plana egiteko orduan aurrekoetan baino gizarte erakunde, kolektibo, norbanako eta udaleko arlo gehiagok hartu zutela parte esan du Etxebestek. Orain arte egin den planik “abangoardistena” dela zehaztu du ordezkariak, eta alardea jasoa dagoela zehaztu du, “bost talde sektorialek hala erabakita eta Emakundek hala eskatuta”. Etxebestek jakinarazi du “alkatearen irizpena osoko bilkuran aurkeztea eta onartzea” besterik ez dela falta, eta eskumen hori alkateari dagokiola: “Berdintasunerako eskuordetzak ez du inoiz administrazio gaitasunik izan irizpenak osoko bilkurara eramateko, eta egin den lan guztia beste ordezkaritza batzuen mende egon da”.
Hori dela eta, hurrengo legegintzaldirako “garrantzia handiko” bi gauza geratzen direla esan du ordezkariak: “Berdintasun arloa sortzea gaitasuna emateko Berdintasun ordezkaritzari gauzak eramateko plenora; eta V. Berdintasun Plana onartzea, zentsurarik eta zirriborrorik gabe, osotasunean, alardea eta guzti”.
Teknikariak
Irunek 60.000 biztanle inguru dituenez, hiru berdintasun teknikari izan beharko lituzkeela esan du ordezkariak, 20.000 biztanleko berdintasun teknikari bat eskatzen baita. Hala ere, Irunen bakarra dagoela esan du Etxebestek. Bigarren teknikari bat izateko “borrokatu” direla baietsi du Etxebestek, eta kontratazio hori aurrekontuetan jasota badago ere, “LPZ aldatzea” falta dela azaldu du. Horrez gain, beste errealitate bat ere izango dute aurrerantzean: Emakumeen Etxea. Ekipamendu horretarako “zuzkidura espezifiko” bat sortu beharko dela aipatu du, “lanpostu bat gehiago” sortzeko.
Hezkidetza eta ekarpen historikoa
Hezkidetza Mahaia eta emakumeek hirian egindako “ekarpena balioesteko” egindako lana ere nabarmendu ditu Etxebestek. Ikastetxeetan sentsibilizazio jarduerak egin dituzte ikasleekin, eta hainbat proiektu “garrantzitsu” gauzatu dituztela zehaztu du ordezkariak; hala nola, afektibitate, sexu eta familia aniztasunari buruzko tailerra, genero indarkeriaren aurkako Beldur Barik programa, M8an eta A25ean izandako lankidetza, genero indarkeriaren aurkako sentsibilizazio kanpainak, eta Emakumeen aztarnak Irunen proiektu berria.
Beste proiektu bat Julia Iruretagoiena ikerketa historiko feministaren beka sortzea izan dela nabarmendu du Etxebestek, 18.000 euroko zuzkidurarekin, bi urterako. Ana Galdos historialari irundarra ari da une honetan horrekin lanean, eta Irungo emakumeak XVI. mendearen hasieran nola bizi, lan egin eta antolatzen ziren ikertzen ari da. 2024an kaleratuko dira ikerketaren emaitzak.
David Nuño
Miren Etxebestek Irungo Udala utziko du, ahaldun nagusigaia baita igandeko hauteskundeei begira. David Nuño da Elkarrekin koalizioko alkategaia, eta eskerrak eman nahi izan dizkio Etxebesteri urte hauetan egindako lanagatik.
Nuñok mezu bat azpimarratu nahi izan du: “Gure konpromisoa irmoa da eta izango da berdintasuna eta feminismoaren alorrean. Mirenek puntu garrantzitsu batzuk nabarmendu ditu, eta borrokan jarraitu behar dugu horiengatik”. Honakoak aipatu ditu Nuñok: Emakumeen Etxearen kogestioa arrera ateratzea; Berdintasun arloak eskumen propioak izatea eta zeharka lan egitea era autonomoan jarduteko, egun ezin baitu; eta V. Berdintasun Plana aurrera ateratzea gauzatu zen prozesu parte hartzailetik eta Emakunderen argibideekin.
Horrez gain, Etxebestek aipatu bezala, “ausardia eta gardentasuna” funtsezkoak direla nabarmendu du alkategaiak: “Egindako inkesta hori blokeatua izan da alkatetzatik, ez da jendearentzako publikoa. Horrek ezin du horrela izan, gardentasun eta leialtasun falta da hiritarrekiko, eta hori barkaezina da. Babestuko duguna da Berdintasunaren alorrean esparru asko daudela hobetzen jarraitzeko”.