Real Unioni babesa emateko deia larunbatean
Txuribeltzek partida erabakigarria jokatuko dute larunbatean, 19:30ean, Galen, maila mantentzeko lehian. Irabaziz gero, salbazioa lortuko dute irundarrek. Taldeari sostengua emateko, egitarau zabala ondu du klubak.
Hil ala biziko partida jokatuko du Real Unionek larunbatean maila mantentzeko lehian. Txuribeltzak jaitsiera postuetan iritsi dira ligaren azken jardunaldira, baina beren esku dago salbazioa lortzea, ez dira beste neurketa, zelai, talde edo emaitzen menpe zelairatuko. Irabaziz gero, maila mantenduko dute matematikoki.
Irundarrek aurkari zuzena den La Nuciaren aurka jokatuko dute larunbatean, Stadium Galen, etxean, 19:30ean, eta Real Unioni sostengua emateko, Jose Antonio Santano alkateak, Igor Emery klubeko presidenteak eta Borja Olazabal Kirol zinegotziak txuribeltzen koloreak daramatzaten bi bandera zintzilikatu dituzte gaur udaletxeko balkoian. Partidaren garrantzia ikusita, larunbatean taldea babestera eta balkoiak txuribeltzez janztea deitu dituzte herritarrak.
Bestalde, klubak herritar guztientzako hainbat iniziatiba sustatu eta iragarri ditu larunbaterako, partidaren aurreko orduak animatzeko eta hitzordu erabakigarrira begira taldea babesteko. Irungo Udalak bat egin du Real Unionek antolatutako jarduerekin. Hona hemen:
San Juan plaza, 12:00etatik 14:00etara:
- Aurpegiak margotzea.
- Haurrentzako jarduerak.
- Gymkana.
- Real Union League 3×3.
- DJ.
- Photocall.
Stadium Galeko kanpoaldea, 17:00etatik 19:30era:
- Haurrentzako jarduerak.
- DJ.
- Txaranga (partidan zehar ere).
Harrera taldeari, 18:00etan:
- Zaleen harrera jokalariei Stadium Galen.
Galeko harmailak betetzeko helburuarekin, Real Unionek euro bateko aparteko sarrerak jarriko ditu abonatuen eskura, eta abonatu bakoitzak gehienez bi sarrera eskuratu ahal izango ditu. RUC Store dendan erretiratu ahal izango dira gaurko 19:30ak arte.