«Irunek proiektuak eta konponbideak behar ditu eta gu horretarako prest gaude»
2011n hartu zuen Irungo EAJren zerrenda buru izateko ardura eta aurten laugarren aldiz errepikatuko du kargu hori.
Zergatik bozkatu behar zaituzte herritarrek?
Barne inkestek eta baita ere publiko egin direnek diote hauteskunde hauetan EAJ garaile izan daitekeela. Orain egiten ari garen lana eta egin behar dugun lana da Irungo hiritarrak konbentzitzea Irunek badaukala beste etorkizun bat. Irun hobeagoa izan daitekeela, alegia. Guk hori sinetsi egiten dugu eta hori da nahi duguna irundarrek hori sinistea.
Egia da momentu honetan eredu bat daukagula, Santanoren eta alderdi sozialistaren eredua, eta guk ikusten duguna da, inkesten arabera, alternatiba bakarra garela. Hori kontuan izanda bi aukera daude. Batetik, alderdi sozialistak eskaintzen duen eredu hori, gaur egun daukaguna eta bistan dagoena zein den 20 urte pasa ondoren. Hainbat proiektu geldituak daudela ikusten dugu, atzeratu egiten dituela behin eta berriz. Gainera, hiria eraldatzeko diren proiektu inportanteak dira horiek eta guk egiten dugun moduan Irunen benetan sinesten badu, Gipuzkoako bigarren hiria dela Irun sinesten badu, Santanok ez du erakusten proiektu inportanteetarako asmorik duenik. Hori da aukera bat.
Beste aukera da guk egiten dugun proposamena. Ideia berriak ditugu hainbat proiektu eta proposamen ditugu, ilusioarekin gaude, talde ederra sortu dugu, gaitasun anitzekoa. Oso argi daukagu askotan Santanok egiten ez duena eta guk bai egingo duguna dela beste erakundeekin lankidetzan aritzea eta Irunera behar diren laguntzak eta inbertsioak erakartzea. Irunek proiektuak eta konponbideak behar ditu eta gu horretarako prest gaude. Dozena bat proiektu estrategiko aipatu ditugu gure hauteskunde programan eta publikoak dira dagoeneko. Batzuk azpimarratuko ditut.
Via Irun 2030 jaso dugu eta ez da Santanok aurkezten duena baizik eta anbizio handiagokoa da gurea eta uste dugu Madrilen Adifekin egin duen negoziazioa oso eskasa dela.
Anbulatorio berriak planteatzen ditugu, bat erdigunean eta bestea Oinaurren. Plaiaundiko bidegorria ere jaso dugu, Bidasoa ertzetik dijoana eta Plaiaundi parke ekologikoa inguratzen duena, Irun eta Hendaia lotuko dituena. San Migel auzoan uste dugu hirugarren kiroldegi bat behar dugula, udaletxean egindako azterlan batek hori diolako eta San Migel auzoaren inguruan behar dela uste du EAJk. Txenpereneako kirol instalazioak, hau da, Plaiaundiko kirol instalazioak lekualdatzeko eremu bat lortu genuen hainbat eta hainbat urte ondoren eta uste dugu alkateak momentu honetan bost urte ondoren oraindik hirigintza planteamenduan aritzea ez dela onargarria eta horri bultzada bat eman behar zaio. Txenperenean eraikitzeko bultzada emango diogu.
Aparkaleku plan bat planteatzen dugu ere hainbat auzoetan baina ez udaletxeak dirua irabazteko, baizik prezio murritza izango luketen lur azpiko aparkalekuak egiteko plana daukagu. Horrela, auzo batzuetan dagoen aparkaleku arazoa konpondu nahi dugu.
Mugikortasun motak jasangarria behar badu izan, erdigunean ere behar direla bidegorriak diogu eta guk planteatzen duguna da Kolon pasealekuan egitea, baita ere Nafarroa etorbidean gorako noranzkoan. Erdigunean jada urteak dira proposatzen gabiltzala bidegorriak eta udal gobernuak ez du horretan sinetsi edo behintzat hori mahai gaineratzen zuen.
Korrokoitz eremua garatzea nahi dugu, Alde Zaharra utzita egon da hainbat urtetan eta bere momentuan, orain dela urte batzuk hori desblokeatu egin genuen eta hori modu arinean joan behar duela uste dugu.
Irungo sarbideetan arazoak dauzkagula ere ikusten dugu eta une honetan aldundia aztertzen ari da eskualdean ea nola egin daitekeen planteamendu egoki bat jakiteko nolako irtenbideak eman behar diren.
Bestetik, Irun ez bada ere Hondarribiko Zubietako parke teknologikoa inportantea dela uste dugu eta gure ardura den heinean, bai Eusko Jaurlaritza bai aldundiarekin eta baita ere Hondarribiko Udalarekin elkarlanean arituko gara hori garatzeko zeren hori garatzen denean bai lortuko direla kalitatezko hainbat lanpostu. Eskualdean ekonomia indartsu bat behar dela uste dugu eta kalitatezko lanpostuekin. Horrela bizi kalitatea hobetzen laguntzen duelako.
Alkate baldin bazara, zer izango da egingo duzun lehen gauza?
Proiektuak proiektuak dira, hauteskunde programan jasota dauzkagu Irunen etorkizunari begira zer egingo genukeen baina nik uste dut alkate izanda lehendabiziko gauza eta garrantzitsua dena da hirian oreka bat lortzea. Oso garrantzitsua da beti beste alderdi politikoekin elkarlanean aritzea, entzutea eta horretarako, lehendabizi hizketan hasi behar gara iritziei, proposamenei eta proiektuei buruz eta elkarren artean ezagutzera eman. Guk beraiena ezagutu, beraiek ezagutu dezatela sakonean gureak eta horren ondoren saiatu ahalik eta akordio zabalenak lortzen.
Zein garrantzia ematen diozu auzoei?
Irun auzoak dira azken finean eta Irun auzoz osatuta dago. Horrela egituratuta dago eta horrek behartzen dizu nahi eta nahi ez behar duten garrantzia ematera. Ezin da Irun ulertu auzoak kontutan hartu gabe eta, gainera, modu sakon batean. Gure hauteskunde programan baditugu hainbat ekimen konkretu zeren eta gauza bat da esatea Irun auzoez osaturiko hiri bat dela, baina zer egingo dugu? Gaur egun egiten denaz gain bai uste dugu udaletxearen eta auzo elkarteen arteko plan bateratu bat egin behar dela, plan berri bat, orain arte egin ez dena elkarlanean. Udalaren eta auzo elkarteen artean ez da gauzatu, bai egin direla auzo planak San Migel eta Lapitze auzoetan baina izan zen auzo elkarteen ekimenez. Gerora, diru laguntza batzuk lortu zituzten aldunditik eta kooperatiba baten bitartez lortu zuten auzoaren plana egitea. Askoz ere harago joan behar da eta udaletxeak benetan sinesten badu Irun auzoen hiria dela, hartu egin behar du beregain eta horregatik aipatzen dut egin behar dela auzo elkarteen plan bat hirian, plan bat baina bateratuta. Hortik abiatu gintezke.
Bestetik, nik daramatzadan urte hauetan ikusi dut auzo elkarteak gero eta ahulagoak daudela. Ez dago erreleborik. Hainbat auzo elkarteetatik kexak jaso ditugu esanez laguntza gutxi dutela. Orain, Larreaundi-Olaberriko auzo elkarteak lortu du errelebo polit bat eta badago talde bat ilusioa daukana eta laguntza batzuk eskatu zituen 2023ko aurrekontuetarako, eta udal gobernuak ukatu egin zien. Hori kontrako bidea dela uste dugu, behar denaren kontrako bidea da. Auzo elkarteak babestu egin behar dira eta balioa eman benetan aurrera egin nahi badugu eta sinesten baldin badugu auzoetan.
Gizarte zerbitzuetan bai ikusten dugula aukera bat eta hau aspaldidanik pentsatu izan dugu, momentu honetan Urdanibia plaza inguruan dago dena zentralizatuta eta bai uste dugu zerbitzu batzuk hurbildu egin behar direla auzoetara. Momentu honetan 17 edota 18 auzo ditugu eta ez dut proposatzen auzo guztietan gizarte zerbitzuak egotea, baina bai behintzat hasi eta lehen pausu bat deszentralizazio horretarako izan daiteke era antolatuan hiru barruti bereizi, bat ekialdean, beste bat erdigunean eta beste bat mendebaldean eta Urdanibiatik hainbat udal langile bertara mugitu. Puntu horietara gizarte zerbitzu batzuk eraman behar direla uste dugu. Egingarria dela uste dugu eta egitea interesgarria eta beharrezkoa dela deritzogu, udal zerbitzuak hiritarrengana gerturatzea delako. Lagundu egingo lioke hainbat pertsona eta familiari.
Segurtasun eta bizikidetza arloan uste dugu gizarte bitartekaritzako programa berri bat egin behar dela. Zertarako? Auzo gatazken kudeaketarako. Hainbat auzoetan gatazkak sor daitezke edo sortzen dira eta bai uste dugu programa bat egin daitekeela sortzen diren gatazka horiek bideratzeko. Hurbileko udaltzain eredua izan behar dugula ere uste dugu eta plan horren barruan eredu hori txertatu nahi genuke.
Zein dira egungo lehen arretaren aurrean zuen proposamenak? Eta Bidasoko ospitaleko obrei buruzkoa?
Udalen eskumena ez da osasuna, ez da osasun arloa eta ez dira osasun zerbitzuak baina udalak badu eskumena hirigintzan. Momenturen batean eraikuntzak edo azpiegiturak egin behar badira, udaletxea tartean sartzen da eta eskaini egin behar dio Jaurlaritzari, Osasun sailari behar dituen lurrak edo orubeak eraikuntza horiek egiteko. Hori kontutan izanik, proposamen argi bat daukagu eta hori ondo aztertu dugu iaz profesionalekin eta daukagun etorkizunari begira. Gaur egun, gure populazio piramidea ez da piramidea eta hemendik hamarkada batzuetara alderantzizko piramidea izango da, hau da, ume eta gazte gutxi eta adineko pertsona asko. Adinekoak gazteak baino osasun zerbitzu gehiago behar dituzte eta maizago.
Hori kontuan izanda ondorio batera iritsi gara dioena erdigunean behar dugula anbulatorio handi bat hainbat zerbitzuekin, zerbitzu berriekin, gaur egun ez ditugun zerbitzuekin eta zergatik erdigunean? Irungo erdigunean populazioaren gehiengoa bertan dagoelako. Helburua litzateke jendearengatik ahalik eta hurbilen egotea. Guk planteatu izan dugu eta planteatzen dugu Via Irun eremuan, Aduana kalearen ondoan, gaur egun udaletxeak daukan ibilgailuen biltegian lau urtetan eraikitzea. Guk egindako azterlanek egingarria dela diote. Diskrepantzia hor sortzen da beste alderdiekin, batez ere zenbat denbora beharko den galdetzen dute. Santanok esaten du hori oso luzerako izango zela eta guk diogu lau urtetan egin daitekeela eta berak dio 10 urte beharko zirela eta horrek ezin duela horrela izan. Berak, bada, planteatzen duena da Oinaurren egitea eta guk uste dugu Oinaurren ez dela egokia urrun dagoelako, ez dagoelako eskuragarri eta hemendik urte batzuetara adineko pertsona asko badago ez ditugu hara behartuko joatea. Nola egin daiteke lau urtetan? Arkitektoen txostenak ditugu eta bertan jasota dago eta egin beharko litzatekeena da ibilgailuen biltegi horretan lursail bat kokatu, lur zati hori Osakidetzari eman hitzarmen baten bidez, gerora, Osakidetzak urbanizatu eta eraiki dezan. Faseka egin daiteke hori eta gainera, momentu honetan, ibilgailuen biltegiak badauzka sarbideak eta alde horretatik ez dago arazorik. Via Irun zatika egin daiteke eta lursail horretan eraiki daiteke modu partzial batean.
Osakidetza inbertsioak egiteko prest baldin badago, eta hala dagoela adierazi du Osakidetzak berak bere OSI Bidasoa plan zuzentzailean jaso dutelako bere planteamendua dela erdigunean eraikitzea. Baita ere planteatzen du bigarren eszenario bat eta litzateke bigarren bat, txikiagoa, Oinaurren eraikitzea, Dunboakoaren neurriaren antzekoa. Gure proposamena hori da, erdigunean anbulatorio handi bat Via Irunen, eta hirugarren anbulatorio bat Oinaurren, Dunboakoaren antzekoa. Erdigunean daukagun zaharra hustu egingo litzateke berria Via Irunen egiten denean.
Osasun sailak azterketa egin du eta esaten du prest dagoela 8.000 metro karratuko anbulatorio bat eraikitzeko, inbertsioa egiteko eta Oinaurren beste bat eraikitzeko. Guk ulertzen ez duguna da zergatik Santanok uko egiten dion horri. Izugarrizko aukera bat galdu egiten dugula uste dugu, Irunen orain eta hurrengo hamarkadetarako beharrezko azpiegitura bat egiteko. Akats bat dela uste dugu Santanok uko egitea horri. Gainera, Santanok proposatzen du Lapitzeko anbulatorioa mantentzea, 1.500 metro karratu handitu daitekeelako, baina Osakidetzak dio 8.000 metro karratukoa behar duela izan. Gainera, txosten bat jaso dugu udaletxean esaten duena baietz, 1.500 metro karratu handitu daitekeela baina erabilgarriak 400 metro karratu direla. Anbulatorio zaharra babestuta dagoelako da hori horrela, udal katalogoan egiturazko babes bat dauka eta ezin da edozer gauza egin. Orduan, bere mugak dauzka eta ezin duguna onartu da partxe bat egitea etorkizunera begira. Eraikinak egiten direnean eta azpiegiturak egiten direnean, anbulatorio bat ez da bost urtetarako egiten, daukagun zahar horrek 60 urte baino gehiago ditu eta, beraz, behar duguna da etorkizunera begira baliabideak modu egokian eraiki.
Bestetik, Santanok publiko egin zuen infografia bat eta bertan ikusten zen Oinaurren planteatu zuen anbulatorioa eta udal aldizkarian argitaratu zuen ere. Bertan azaltzen zena zen 10.000 metro karratuko anbulatorio bat. Osasun sailak oso argi dauka anbulatorio handi bat egin behar badu erdigunean egingo duela eta ez kanpoaldean. Ez da bidezkoa Santanoren jokaera momentu honetan.
Hainbat eskaera egin dira Alardea udaletxeak berriz antola dezan. Zuek horretarako prest zaudete?
Alderdian, gure Irungo batzarrean, modu sakonean eta arduratsuan landu dugu gai hau. Gizartean gertatzen den bezala gure alderdiak iritzi ezberdinak jasotzen ditu baina bai adostasun batera iritsi garela. Gizarteari begiratzen diogu eta guk diogu Alardea ospatzeko bi moduak errespetatzen ditugula. Horretara iritsi gara eta hor daukagu guk komunean puntua eta horretan gaude ados.
Beste irizpide bat ere markatu dugu eta da Alardea despolitizatu egin behar dela. Politikak ez diola onurarik ekarri uste dugu, hasieratik gaur egun arte. Alderdi politikoek ez dugula etekinik atera behar Alardearen gai honekin uste dugu eta hori da gure planteamendua. Aurrerago ikusiko da zer diogun baina nik uste dut eboluzio bat edukiko duela.
Irungo euskararen kale erabilera ez dator bat ezagutzarekin. Zer egingo duzue erabilera handitzeko?
Bistan da euskarak Irunen ez daukala erabileran behar duen maila. Kezkatuta gaude eta ez orain, aspalditik eta ez dugu ikusten Irunen kalean eta euskararen erabileraren horretan aurrera egiten denik. Udaletxeak asko egin dezakeela uste dut eta nire iritziz alderdi sozialistak eta Santanok itxura ematen dute beraien aurkezpenetan baina formalismo hutsa da. Ez da benetako euskararen erabileraren bultzada, hori ez dago, sakonean ez dago, ez delako sinesten horretan. Esango nuke ez dagoela interes handirik Irun euskalduntzeko eta kezkatu egiten gaitu horrek.
Euskarazko jarduerak sustatu egin behar dira eta, gainera, adin tarte guztietan. Estetikak bere garrantzia badaukala ere uste dugu eta, gai horretan oposiziotik saiatu gara baina ezer gutxi lortu dugu Santanoren interesak beste alde batetik doazelako, eta bai uste dugu paisai linguistikoa euskaraz sustatu eta landu egin behar dela. Bide publikoan euskara ikusten badugu, karteletan edo errotulazioetan, euskaldunago ikusiko genuke Irun.
Berdeguneak eta parkeetan euskara sustatu nahi dugu. Josune Gomez euskara zinegotzia izan zenean sortu zuen Haurrak parkean izenekoa 2016an eta horrelako ekimenak egin behar direla uste dugu. Berdeguneak eta parkeak aprobetxatu behar ditugu aisialdirako. Aisialdia oso garrantzitsua da zeren eta modu akademikoan ikastetxeetan euskara sartu izan da baina ikastetxeetatik kanpora atera behar da. Horregatik, aisialdia funtsezkoa iruditzen zaigu horretarako.
Gazteen artean sustatu egin behar da ere euskara. Udaletxeak egiten ditu hainbat ekimen baina horretan sakondu egin behar da, esaterako, Kuadrillategi programak sartu, Solas jolas, Udagiro… guzti horiek zabaldu eta sakondu beharko lirateke.
Herritarrengatik datozen ideien aurrean irekita egon behar gara horiek jasotzeko. Hortxe aritu da lanean Ziztaka taldea eta nik uste dut udaletxetik ez duela laguntza gehiegirik jaso, kontrakoa bizi izan duela esango nuke. Azkenean, bere horretan geratu da eta Ziztakak Irunen kafe antzokia behar dela planteatzen zuen eta guk ere planteatu dugu. Gure ustez Irunen interesgarria litzateke eta gure ekimen bezala sartu dugu hauteskunde programan.
Hizkuntza berdintasuna sustatu nahi dugu euskara arlotik. Hiritarren artean sustatu egin behar da eta ikusi behar da zein bide jorratu baina baita ere udaletxearen barruan. Udaletxean badago udal langile asko euskaraz dakiena baina daukaten eredu politikoak ez dira erreferente. Horrek eragin handia dauka udal langileengan, sortzen delako euskal giroa edota erdal giroa.
Gure irizpide orokor bezala guk dioguna da euskara sustatzeko eragile aktiboa izateko konpromisoa hartzen dugula.
Etorbidearen zubiaren eta duela gutxi arte beste zubien itxierei buruz zein iritzi duzue?
Harrera duina eta integrala Irunera iristen diren pertsona guztientzat, edonondik datozela ere. Hori da gure irizpide nagusia. Irizpide hori kontuan hartuta ez dauka bat ere zentzurik mugetan dauden polizia kontrolak eta are gutxiago mugak ixtea. Schengen espazioa aipatzen baldin badugu legez kanpo dagoela agerikoa da, baina legea alde batera uzten baldin badugu ere, printzipioei erreparatuta uste dugu ez daukala zentzurik. Ez dira mugak egon behar eta harrera duina egin behar da eta Irunen egon behar badute beraien bizitza besteek bezala egin dezaten edo Europako beste herrialde batera joan behar badute askatasun guztiarekin mugitu behar lirateke.
Guk bai eskatuko genioke Espainiako gobernuari Frantziarekiko exigentzia maila igotzea. Ematen du hainbat gauzetaz hitz egiten duela Pedro Sanchezek Emmanuel Macronekin baina dirudi honi buruz ez dutela hitz egiten. Schengen eremuan baldin bagaude bermatu egin beharko litzatekeela uste dugu.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie. Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Irungo 5. elkarrizketa da.