Alokairu soziala eta gazteen emantzipaziorako etxebizitza sarea handitzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk
Etxebizitzaren alorrean koalizio abertzaleak egindako lana goraipatu du Maddalen Iriartek, eta Oihana Brionesek gogorarazi du EH Bilduk alokairuzko etxebizitza publikoen parkea sortzea ahalbidetu duela Irunen.
Gipuzkoako Foru Aldunditik eta udaletatik etxebizitzarako sarbidea bermatzeko eta udal promozioetan alokairu soziala eta gazteen emantzipaziorako etxebizitza sarea handitzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk. Hala azaldu zuen Maddalen Iriarte ahaldun nagusigaiak Irunen egindako agerraldian.
“Etxebizitza bizitza proiektua garatzeko ezinbesteko elementua da. Bizitza proiektu bat eraiki eta garatzeko segurtasuna behar dute herritarrek, eta horretarako ezinbestekoa da administrazio publikoek etxebizitza duin bat izateko eskubidea bermatzea”, adierazi zuen Iriartek.
Etxebizitzaren alorrean EH Bilduk egindako lana gogorarazi zuen Iriartek: “Akordioetara iristeko gaitasuna dugula frogatu dugu, baita etxebizitza alorrean ere, eta Irun horren adibide garbia da. Madrilen berriki adostu dugun etxebizitza legeak, eta 2015ean EAE mailan adostutakoa garatzeko babes juridikoa eskaintzen duenak, Gipuzkoan ere alokairuen igoerari topea jartzea ekarriko du. Zehazki Irun era Gipuzkoako beste 14 hiri eta herri automatikoki gune tentsionatu izendatzea ekarriko luke”.
Ahaldun nagusigaiarekin batera, Oihana Briones Irungo alkategaia izan zen agerraldian. Brionesek jakinarazi zuen EH Bilduk alokairuzko etxebizitza publikoen parkea sortzea ahalbidetu duela Irunen, horretarako sei milioi euro bideratuz: “Gazteentzako alokairuzko etxebizitzen beharra ere eskatu dugu maiz eta Inmigrazioko eraikinean gazteentzako etxebizitzak egin behar zirela defendatu dugu, legegintzaldi honetan ere hori onartu da”.
Orotara, aurrekontu prozesuetan egindako lanaren bidez honako sustapena egiteko aukerak “erraztu eta negoziatu” ditu koalizio abertzaleak Irunen: Alarde eremuan, 52 etxebizitza; San Miguel-Anakan, 887; eta Inmigrazio eraikinean, 31 etxebizitza gazteentzat.