130 kontratu ebentual finko bilakatzea behartu dute CAF
LAB sindikatuak salaketa jarri zuen lan ikuskaritzan "enpresa iruzurreko erabilera" egiten ari zelako "ekoizpenaren baldintzapeko behin-behineko kontratuekin". Asteartean eman zioten arrazoia LABi eta enpresak 130 langile finko egin behar izan ditu.
LAB sindikatuak jakinarazi du “lan ikuskaritzak arrazoia” eman diola eta “130 kontratu ebentual baino gehiago finko bilakatzea behartu” duela CAF enpresa. Iragan apirilaren 25ean, LABek lan ikuskaritzaren aurrean salatu zuen “enpresa iruzurreko erabilera” egiten ari zela “ekoizpenaren baldintzapeko behin-behineko kontratuekin”. “CAFeko enpleguarentzat albiste bikaina da LABek salaketa honen bidez lortutakoa”, adierazi du sindikatuak.
LABen ustez, CAFen egiten diren behin-behineko kontratuak “guztiz aurreikus daitezkeen lanak” gauzatzeko direla. Gauzak horrela, “behin-behinekotasun horren iraupena gehienez hiru hilabetekoa” izan beharko litzatekeela adierazi du sindikatuak, hau da, 90 egunekoa. Bada, enpresak “urtebeteko behin-behineko kontratuak” aplikatzen dituela zehaztu du LABek.
Hasiera batean gaia CAFeko Giza Baliabideetako arduradunarekin landu zutela esan du sindikatuak, baina “egoera konpontzera ukatu” zirenez, LAB-CAF sail sindikalak “lan ikuskaritzara jo eta salaketa jarri” zuten bertan.
Asteartean, hilak 23, jaso zuten “arrazoia” ematen dien ebazpena. Hori dela eta, “azken egunetan enpresak gutxienez 130 langile finko” egin behar izan dituela aitortu dute. Horrez gain, “datozen egunetan enpresako zuzendaritzak gainerako kontratu irregularrak dituzten lankideak finko egin” beharko dituela nabarmendu du LABek. “Une honetan finko bihurtuko diren langileak Beasaingo eta Irungo lantegietako enplegatu eta tituludunen kolektiboetakoak dira”, jakinarazi du sindikatuak.
“Orain tailerrean behin-behineko langilerik ez badago ere”, hurrengo hitzarmeneko enplegu politikaren negoziazioa “irizpen horrek bideratuko” duela aurreratu du LABek. Tailerretako errelebo kontratua “zuzenean” egin beharko dela gaineratu dute, zuzeneko eskulaneko langileekin, “zuzendaritzak ez baitu zeharkako langilerik izango horretarako”. Tailerreko langileei egin beharreko kontratuen iraupena ere ebazpen horrek “baldintzatuko” duela azaldu du LABek.
Hurrengo hitzarmenak “tailerretako langileen errekuperazioa ardatz” izan behar duela baietsi du sindikatuak; eta, horretarako, “langile kontratazio zuzen eta mugagabekoa zifra handietan” behar dutela gaineratu dute. Beasaingo, Irungo eta Madrilgo lantegietako Enpresa Batzordeek eta CAFeko zuzendaritzak hitzarmen berria negoziatzeko prozesuaren lehen bilkura egin dute gaur.