Flauta eta gitarra emanaldia, ostiralean Amaia KZn
Ricardo Requejo ganbera musika zikloko kontzertu bat da. Naroa Zuaza eta Ane Encabo dira bikote protagonista. Emanaldia 20:00etan hasiko da.
Irungo Udaleko Kultura arloak antolatuta, Naroa Zuazak eta Ane Encabok flauta eta gitarra emanaldia eskainiko dute ostiralean (hilak 26), 20:00etan, Amaia KZn, Ricardo Requejo zikloaren esparruan. Zuazak flauta jotzen du, eta Encabok, gitarra. Bikoteak “nazionalismo musikalean” oinarritutako programa bat ondu duela adierazi du udalak.
Sarrerek bost euroko prezioa dute, eta bi modutara eskura daitezke: Amaia KZren webgunean eta antzokiaren txartel leihatilan emanaldia hasi baino ordubete lehenago, betiere sarrerarik geratzen bada.
Ricardo Requejo zikloa ganbera musikako kontzertu programa bat da, eta horren barruan kontzertuak eskaintzen dituzte “ibilbide profesional nabarmena” duten hiriko musikariek. Udalak jakinarazi du, kontzertu horien bidez, musika ibilbidea Bidasoan hasi eta Irungo Musika Eskolan ikasi zuten tokiko artistei aukera ematen zaiela “egindako aurrerapenak” beren hirian erakusteko. Hori dela eta, Irungo eta Hondarribiko musikariak izaten dira zikloko protagonistak.