Eusko Ikaskuntzak azken saioa eskainiko du bihar Plaiaundin
Tokiko elkarteek eta Espainiako Estatuko eta nazioarteko migratzaileek hartuko dute parte, Irunen errotuta egon ala ez. Kulturarteko eta belaunaldien arteko "espazioak eta aukerak" ireki nahi dituzte.
Maiatzean zehar Plaiaundi institutuan, Eusko Ikaskuntzaren eskutik, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Irungo Udalaren laguntzarekin batera Enredatu deituriko tailer ireki bat egiten aritu dira eta azken saioa bihar egingo da.
Tailer horiekin “kultura eta belaunaldien arteko topaguneak sustatu” nahi dute eta, helburua “herritarren %15 migratzailea eta gaztea den Irun bezalako hiri batean parte-hartze eta interakzio sozialeko bide berriak aztertzea” izan da.
Bihar egingo den azken tailerrean tokiko elkarteek eta Espainiako Estatuko eta nazioarteko migratzaileek hartuko dute parte, Irunen errotuta egon ala ez. Eusko Ikaskuntzak diseinaturiko gizarte berrikuntzako GizarteLAB metodologia aplikatuko dute eta horri esker, eta Plaiaundiko gizarte integrazioko moduluko ikasleen parte hartzearekin batera kulturarteko eta belaunaldien arteko “espazioak eta aukerak” ireki nahi dituzte “herritarrek parte hartzeko modu berriak sortzeko”.
Hala, parte-hartzaileek gaitasun berriak izan ditzaten laguntzea da xedea, bai eta “irundarren elkarte-sareak ematen dituen aukerez jabetzea ere”. Izan ere, antolatzaileek diote elkarte horien belaunaldi-ordezkaritzak “eragin positiboa” izan dezakeela gazte migratzaileen artean.