Aldaketa batzuk egin dituzte Irungo hauteslekuetan
Pandemiagatik egindako aldaketak bertan behera utziko ditu Irungo Udalak. Eragina Lapitzen eta San Migelen izango du.
Igande honetan, maiatzak 28, udal eta foru hauteskundeak egingo dira eta Irungo Udalak jakinarazi du hainbat aldaketa egin dituztela hautesleku batzuetan. Batzuk kendu egin dituzte eta eta beste batzuetan beste hautesleku batzuetako mahaiak sartuko dituzte.
Gogoratu beharra dago azken hauteskundeak Legebiltzarrari begirakoak izan zirela 2020an, pandemia bete-betean eta, hartara, osasun segurtasun neurriengatik moldaketak egin zirela.
Hala, CBA liburutegian egokitu zituzten mahaiak, oraingoan HAZen jarriko dira, eta Euskal Herria hiribideko 25. mahaikoak 23. mahaira atxikiko dira, ohi moduan Elitxu Lapitzeko auzo elkartean. Aldi berean, erromesen aterpetxeko mahaiak Lesaka kaleko 2. zenbakiko mahaira lekualdatuko dituzte, El Rancho deituriko lokalera.
Beraz, HAZ bulegoa hautesleku izateko prestatu behar dutenez, larunbat honetan itxita egongo da herritarrentzat. Astelehenean, hilak 29, 11:00etara atzeratuko da irekiera, baina telefono bidezko zerbitzua ohiko ordutegian eskainiko dute.