Surf jardunaldi irekiak antolatu ditu Surf Teknika Eskolak
Ikastaro ireki horiek Hendaiako hondartzan izango dira igande honetan, 09:30etik 12:30era. Antolatzaileen helburua da gazteen artean surfa sustatzea. Larunbata da izena emateko azken eguna.
Igandean, hilak 28, Surf Teknika Eskolak surf jardunaldi irekiak egingo ditu hirugarren urtez jarraian gazteen artean surfa sustatzeko xedearekin. Antolatzaileek Irungo eta Hondarribiko gazte zein helduentzako eskolak prestatu dituzte Hendaiako hondartzan, 09:30etik 12:30era, eta kai muturrean ezarri dute elkartzeko gunea. Jardunaldia bi ordutegitan banatuko dela zehaztu dute. Hona hemen:
- 09:30-11:00: 18 urtetik gorakoak.
- 11:00-12:30: 6 urtetik gorako haurrak eta nerabeak.
Igandeko saio irekietan aurretik surfarekin kontakturik izan ez duten pertsonentzako doako surf ikastaroak eskainiko dira, talde txikitan banatuta. Beharrezko material guztia Surf Teknika Eskolak utziko duela jakinarazi dute. Hori dela eta, parte hartzaileek bainujantzia, toalla eta aldatzeko arropa eraman beharko dute soilik. Jardunaldi irekietan parte hartzeaz gain, bertaratzen direnek informazioa eskuratu ahal izango dute Surf Teknikak udan eskainiko dituen ikastaro, eskola eta ludotekaren inguruan.
Izen-emateak irekita daude, eta hilaren 27ko 20:00etan itxiko direla adierazi dute antolatzaileek. Izen-emateak helbide elektroniko bidez egin behar dira, tituluan ‘puertas abiertas’ kontzeptua idatzita. Mezu horretan ezinbestekoa da honakoak azaltzea:
- Parte hartzaileen izen-abizenak eta adina.
- Pertsona arduradunaren izen-abizenak eta kontaktuko telefonoa.
Informazio gehiagorako 689 81 33 68 telefonoa eta helbide elektronikoa ahalbidetu dituzte.