«Badaude gauza batzuk hobetu behar liratekeenak eta muturrera eraman konpromiso gehiagorekin»
Alkategai berria dauka Irungo EH Bilduk: Oihana Briones. Orain arte udalbatzaren parte izan da eta zerrenda buru izateko jauzia egin du udal hauteskunde hauetan. Egun, hiru eserleku dituzte abertzaleek.
Zergatik bozkatu behar zaituzte herritarrek?
Irungo EH Bilduk badaukalako Iruni begirako proiektu kolektibo on bat etorkizunera begirakoa. Proiektu oso kokatuta, gainera, herritarren beharretan, herritarrekin gobernatzeko intentzio batekin eta herritarrekin erabakiak hartzeko intentzio batekin. Kolektiboa esaten dudanean eskarmentu askoko jendea gaudelako da, eskarmentu askoko jendea Irungo etorkizunarentzat oso garrantzitsuak diren gai konkretu batzuetan.
Irunek behar du eredu aldaketa bat gobernatzeko moduetan eta erabakiak hartzeko moduetan. Auzoei begirako proiektuak behar ditu Irunek, erabakiak hartzeko beste gune batzuk behar ditu, beste erabaki batzuk hartu behar direlako, lehentasunak markatzeko beste modu batzuk behar dira, adibidez, aurrekontuak nora bideratu erabaki behar du Irunek, zein politika bultzatu…
Alkate baldin bazara, izango da egingo duzun lehen gauza?
Lehentasunen printzipioa hartzen badut kontutan, esango dut erabili behar direla beste egiteko molde batzuk. Udaletxe honek auzoei begira jarrita auzo planak ditu, eta nire ustez auzoekin eta auzotarrekin erabakiak hartu behar dira eta hor behar ditu udaletxeak mekanismoak eraiki eta neurriak hartu.
Azkenean, bagaude momentu batean bizitzaren garestitzearekin behar handiak sortzen ari zaiena familia eta pertsona guztiei. Adibidez, hipotekak zenbat igo dira? Etxebizitza bat edukitzeak suposatzen duena zure diru iturriarekin neurtuta ere zenbatekoa da? Elektrizitatearen fakturaren igoera ere hortxe dago. Zenbat kostatzen zaigun familiei hilabete bukaerara iristea? Behar konkretu batzuk sortzen ari dira eta horiei erantzun egin behar zaie. Behar horiei erantzuteko entzun egin behar dituzu herritarrak eta horretan aurrerapausoak eman behar dira. Etxebizitzaren beharra ere badago eta horiek badira lehentasunak gure EH Bildurentzat. Hor egin da lana eta lehentasuna hor markatu da.
Bestetik, denborari begira lehenengo gauza egin daitekeena zer den esatea zailago egiten zait pentsatzea. Urgentziatik gobernatzea ez da erraza. Segur aski lehenengo egin daitekeen zerbait badela Auzo Elkarteekin bilerak edukitzea eta agenda hori lotzea. Eragile desberdinekin ere berdina egitea, baita ere kirol taldeekin. Alegia, bilera guzti horiek lotzea litzateke lehen urratsa. Bi edo hiru hilabete pasako nituzke jendeari entzuten, jendearekin biltzen eta Irungo EH Bilduren proiektu hori Irunen zerbitzura jartzeko bideak bilatzen, entzunez eta elkarlanean.
Zein garrantzi ematen diozu auzoei?
Egoera ekonomikoan oinarritu gara eta gizartearen antolaketan hartu diren erabaki politiko ezberdinengatik ekartzen ari da ere familien pobretzea, lan baldintzen prekarizazioa… Egunerokotasunean behar ditugun gauzak garestitzen joan dira eta gure soldatak ez dira neurri berdinean igotzen ari. Horrek ekartzen ditu gabezia handiak eta zailtasunak. Horiei begira jarri behar gara politika egiten.
Beste aldetik, larrialdi klimatikoa eta trantsizio ekologikoa daude. Bide ekosozial horretan bidea egin behar da eta erabaki batzuk hartu behar dira erronka ezberdinak ekarriko dizkigunak, bai ala bai.
Aintzat hartu dugun beste faktore bat gizartearen zahartzea da. Guzti horri erantzuna emateko guri iduritzen zaigu lokaletik, munizipalismotik eta Irungo udaletxetik ekarpena izan daitekeela oinarri bezala auzoak hartzea. Auzoen egitura horretatik pertsonen bizi-kalitatea hobetzea, auzoei bizia emanez, zerbitzu publikoak pertsonak bizi diren lekuetara gerturatuz; auzoetan komunitatea eta elkarbizitza hobetzen duen espazioak sortuaz, espazio estaliak diot zeren eta klima aldetik guretzat garrantzitsua da espazio estaliak edukitzea. Komertzio lokala bultzatuko genuke ere, zeren eta guk ere behar dugu auzoetatik gertutasunean gure oinarrizko beharrak asetzea. Gertutasunetik horiek asetzeko posibilitatea izatea garrantzitsua da. Gertutasunean behar ditugu ere kirol azpiegiturak, eskolak, osasun zerbitzuak, HAZ ere, kultura eskaintza ere. Zerbitzu publikoak gerturatu egin behar dira pertsonak bizi diren tokietara eta horiek iruditzen zaizkigu auzoak direla.
Mugikortasuna eta trantsizio ekologikoa kontuan hartzen ditugu ere oso garrantzitsua izango delako. Auto pribatuak alde batera utzi behar badira gure garraio publikoa oinezko mugikortasuna eta bizikleta bidezko mugikortasuna ere bultzatu beharko da. Horretarako, bidegorri sarea hobetu behar da ez bakarrik herri mailan, eskualde mailako begirada bat ere eman diogu mugikortasunaren gaiari.
Auzoei begira jartzen baldin bagara, guzti horren diseinua pertsonen bizi kalitatea hobetzeko asmotan askoz errazagoa dela. Esaterako, Europako herri desberdinek hartu dute eredu moduan 15 minututako araua: zure etxetik 15 minututara oinez zure bizitzan oinarrizkoa diren zein gauza dituzu? Galdera hori kalitatezko bizitza bermatze aldera eginda dago eta uste dugu printzipio eta ikuspuntu ona dela neurria hartzeko. Udaletxetik pertsonen beharretara egokitzeko ematen duela aukera uste dugu, perspektiba egokia dela, alegia, aipatu ditudan gai guztietan gero erabaki zehatzak hartzeko.
Zein dira egungo lehen arretaren aurrean zuen proposamenak? Eta Bidasoko ospitaleko obrei buruzkoa?
Prekarizazioa izan da azkeneko urteetan gai orokor bat EH Bildu barruan, eta ez bakarrik gai lokal bat. Auzi horretan planteatu dira lehen arretan gabeziak nahiko orokorrak direla EAE osoan, ez bakarrik Irunen. Urte batzuk daramazkigu planteatzen lehen arretan badagoela pertsonal falta, eta ez bakarrik espezialistak, lehen arretan ere medikuak falta dira, erizainak falta dira… Osakidetzan orokorrean gertatzen ari da. Lehen arretan, gainera, arreta ratioak oso altuak dira, lehen arretan ere karga handia dago, eta ez bakarrik arreta ratioetan, baizik eta itxaron zerrendak oso luzeka baldin badira espezialistei espedienteak bideratzea oztopatu egiten du lehen arreta. Gainera, baliabideen gaineko kexa asko daude Osakidetzan. Zerbitzu bat emateko ere behar dituzulako instrumentuak eta bestelakoak, azpiegiturez gain osasun baliabide egokiak behar dituzte. Prekarietate bat dago horren bueltan, kexa bat.
Iruni begira jarrita badaukagu beste herrietan gertatzen ez dena dela espazio falta. Oinaurreko hirugarren anbulatorioa orain dela urte asko Osakidetzak berak planteatu eta proiektatzen zuen. Hori egin behar dela uste dugu eta, gainera, urgentziaz egin behar dela. Erdiguneko anbulatorioan barrakoietan ari dira jendeari arreta eskaintzen, pazienteek ere kalean itxaron behar dute… Bi anbulatorioak oso zaharkituta daude, azpiegiturak eta berrikuntza lanak egin behar dira, Oinaurrekoa urgentziaz egin behar den bezala. Osasun Bidasoak ere gauza bera defendatu du bere sorreratik.
Lanean dauden profesional guztiek erabiltzaile bezala ikusten dugu zenbat kostatzen zaigun zita bat hartzea medikuarekin, nola erizainek askotan egiten diguten diagnostikoa eta harrera… Gauza batzuetan asko okertu duela Osakidetzak uste dut eta hori hobetu egin behar da. Horretarako inbertsio bat egin behar da, ez bakarrik azpiegituratan.
Bidasoa ospitaleari begira eta pentsatzen dut beste lekuetan ere hala gertatuko dela, baina hemen hori badakigu, plangintzak egiten eta erabaki guzti horiek hartzen ari direla bertako profesional eta pertsonekin kontatu eta hitz egin gabe. Hori akats handi bat da, ezin dira horrelako erabaki politikoak hartu, ezin dira horrelako planteamenduak aurrera eraman bertako profesionalek esaten ari badizute hori ez dela bidea. Horrek eragin handiak ditu bai beraiek egiten duten lanean, bai bertan artatutako pertsonek jasotzen duten zainketan. Orain planteatzen da ebakuntza gelen berrikuntza baina profesionalek planteatu dutena da horrek eragin handia izango duela bertan ospitalean ingresatuta egongo diren pertsonengan. Horien baldintzak asko kaskartuko direla diote eta guri iruditzen zaigu planteamendua adostutakoa izan behar duela, bai ala bai, bertako profesional eta, zergatik ez, Osasun Bidasoa plataformarekin.
Hainbat eskaera egin dira Alardea udaletxeak berriz antola dezan. Zuek horretarako prest zaudete?
Bai, guk Irungo alkatetza izango bagenu udaletxeak Alardea antolatuko luke. Berdintasun printzipioetan oinarritutako Alarde bat, udaletxe batek ezingo luke beste modu bateko Alarderik antolatu eta bai, egingo genuke.
Irungo euskararen kale erabilera ez dator bat ezagutzarekin. Zer egingo duzue erabilera handitzeko?
Planteamendu zehatzak egin ditugu, gure aurrekontuetan beti izan du tarte bat eta gu oso arduratuta egon gara euskararen erabileraren datuak oso kaskarrak direlako Irunen. Oso kaskarrak izan dira azken urteetan eta, gainera, ez dago hobekuntzarik. Apustu bat egin dugu haurren aisialdian eta kirol ekintzetan euskararen erabilera bultzatzeko, sustatzeko… Hori lan ildo bat da baina beste batzuk ere egin ditugu. Salaketa egin dugu ere udaletxeak egiten duen euskararen erabilera hobetu dezakeela uste dugulako. Adibidez, bere argitalpenetan, baina udaletxe barruan egiten den euskararen erabilera ere handitu beharko litzateke. Euskarak daukan paisai linguistikoa ere mugatua da. Diru laguntzak existitzen dira dendek euskaraz egin ditzaten errotuluak, badaude baliabideak baina ez dira guztiz erabiltzen ezta bultzatzen. Badaude egin daitezkeen gauzak asko aldatu gabe baina dagoena ondo erabilita. Badaude ere beste gauza batzuk falta direnak zeren eta euskarak bultzada bat behar du Irunen orain ez daukana.
Badaude politika batzuk euskara arloan euskara bultzatzeko berrikuntza ez direnak, denak ez du berria izan behar, ez da gauza berriak aktibatzea kontua, intentzioa jartzea da kontua. Benetan udaletxean daudenentzat eta udaletxean erabakiak hartzen dituztenentzat euskara garrantzitsua balitz, hartzen diren neurri batzuek garapen gehiago beharko lukete. Aisialdian erabili nahi bada euskara eta, adibidez, baldin baduzu programa bat eskola kirola bezalakoa edota kiroldegiak jarduerak euskaraz eskaintzen baldin badira, agian hori bermatu egin behar duzu. Ez da zerbait berria sortzea, baizik eta bermatzea. Hortik gauza berriak egin daitezke baina dagoena ondo eginda. Gure seme-alabek igeriketa egiten badute bermatuta izan beharko lukete begiraleak euskaraz egingo diela. Gauzak zainduko balira… Komisio bat sortu daiteke eta euskara gehiago erabiltzea ahalbidetu, horrek ere ematen du beste bultzada bat. Badaude gauza batzuk hobetu behar liratekeenak eta muturrera eraman konpromiso gehiagorekin. Euskarak behar du arduradun politikoen konpromisoa euskara bultzatzeko eta euskararen erabilera kaskarra hobetzeko.
Bide horretan, eskaintza kulturala euskaraz hobetu egin behar da eta guk badaukagu kafe antzokiaren proiektua gure programan, eragile batek planteatutakoa eta guk gure egin duguna. Kafe antzokia euskal kulturan eragiten dutenekin kudeatutakoa behar luke.
Etorbidearen zubiaren eta duela gutxi arte beste zubien itxierei buruz zein iritzi duzue?
Zirkulazio librearen alde egon gara beti, zubi baten itxiera iduritzen zaigu ez dela seinale ona, alderantziz. Avenida zubiaren itxiera bisualki oso bortitza da irundarrentzat. Pasea leku duguna eta aisia leku duguna migranteentzako hesizko muga fisikoa dela ikusten dugu eta ez luke egon behar. Irungo Harrera Sareak askotan salatu du hesi hori eta guk salaketa horiekin bat egin dugu beti, trantsituan dauden migranteek bizi dituzten beste egoera bortitzak salatu ditugun moduan.
Bi estatuen arteko mugan gauden herri bat gara eta sentsibilitate berezia daukagu iragaitzazko migrazio horrekin, eta ez hori bakarrik, migrazioarekin orokorrean. Migrantez osatutako herri bat da Irun eta Irunek azkeneko mendean hazkunde handia izan zuen jende kopuruari dagokionez, migrazio desberdinengatik. Herri bezala badaukagu sentsibilitate hori, beharrak aginduta ere jendea askok hemendik alde egin behar izan duelako hemendik ere eta guk hondartzara joateko erabiltzen dugun pasealekua batean horrelako hesi batzuk topatzeak pena eta amorrua eragiten du. Hor egon behar ez lukeenaren sentsazioa eragiten du eta, zortez, nahiko orokortua dela Irunen uste dut. Horrek erakusten du sentsibilitate bat badaukagula herri bezala ere, pertsona hauek beharrak eraginda egin behar dituzten bizi proiektu zail hauekiko sentsibilitate bat, enpatia bat, gertutasun bat daukagun herria da gurea. Beti hesi horien kontra agertu gara eta ez baleude guretzat hobe.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie. Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte. Honakoa Irungo 3. elkarrizketa da.