Irungo bigarren liburutegi librea Oinaurren jarri dute
Lehena Almudena Grandes plazan kokatu ondoren, Jostun plazan ezarri dute hiriko bigarrena. Egitasmoaren helburua da hirian literatura eta liburu trukea sustatzea.
Hiriko lehenengo liburutegi librea Almudena Grandes plazan jarri ondoren, Oinaurre izan da egitasmoaren bigarren helmuga, bertan ezarri baitute Irungo bigarren liburutegi librea. Irungo Udalak zehaztu du iniziatibaren helburua dela hirian literatura eta liburu trukea sustatzea.
Kale liburutegi hori Oinaurreko Jostun plazan kokatu dute, eta udalak jakinarazi du badituela jada lehen aleak barruan. Egiturari dagokionez, beirazko euskarri bat da, eta autore esaldi batez erroldatuta dago. Almudena Grandes plazan kokatuta dagoenak idazlearen testu bat du; eta Oinaurrekoak, aldiz, Jorge Luis Borgesena, euskaraz eta gaztelaniaz. Honela dio esaldiak: “Beti imajinatu nuen liburutegi motaren bat izango dela paradisua”.
Funtzionamenduari erreparatuta, liburu bat hartu nahi duenak beste bat uzten du hartutakoaren truke. “Horrela, liburutegiak beti dauzka aleak herritarrek erabil ditzaten”, esan du udalak.
Oinaurrekoaren ondoren, hirugarren liburutegi librea Behobian jarriko dute, Maria Juncal Labandibar poetari keinu eginez, auzo horretan jaio baitzen.