HAZen emandako zerbitzuen bolumenak gora egin du 2022an
Iaz 248.032 pertsonei eman zitzaien arreta kanal ezberdinen bidez, telefonoa izanik kontsultarako zerbitzu nagusia. Pandemia aurreko datuekin alderatuta, zifrek %20ko igoera izan zuten iaz.
Irungo Udalak Herritarren Arreta Zerbitzuko (HAZ) 2022. urteko memoria argitaratu du bere webgunean. Iazko datuei erreparatuta, HAZ zerbitzua “normaltasunera” itzuli dela adierazi du udalak. Arreta emateko eskaintzen diren lau kanalek eta posta elektronikoak pandemia aurreko “dinamika berreskuratu” dutela jakinarazi du udal erakundeak. Lau kanal horiek aurrez aurre, egoitza elektronikoa, telefonoa eta autozerbitzu terminalak dira, eta, orotara, 248.032 kontsulta erantzun zituzten iaz.
2022an zenbatutako zifrek, 2021ekoekin alderatuta, %9,4ko jaitsiera izan zutela aurreratu dute. 2020koak aintzat hartuz, iazko datuak “oso antzekoak” izan ziren. Bi urte horiek, pandemiaren eraginez, “salbuespena” izan zirela azaldu du udalak. Baina 2022ko zifrak 2019koekin konparatuta, “erantzundako kontsulten bolumenak” %20,4ko igoera izan du hiru urtean.
Azken bi urteetako “ezohiko egoeraren ondorioz”, aurrez aurre kudeatzen ziren kontsulta asko gainerako kanaletara bideratu zirela iragarri du udal erakundeak, telefonoa izanik kontsultetarako erabili zen kanal nagusia. Iaz, pandemia gaindituta, aurrez aurreko kanala “indarra hartzen” hasi zela jakinarazi du udalak. Hala ere, telefonoa da herritarrek darabilten kanal nagusia.
%27ko igoera aurrez aurreko kontsultetan
San Martzial kalean dagoen HAZeko bulegoak 62.101 pertsonari eman zien aurrez aurreko arreta iaz. 2021eko datuekin alderatuta, %27ko igoera izan zuen kanal horrek. Horrez gain, udalak nabarmendu du “aurretiazko hitzordua aukerakoa dela berriz ere”, hitzordua hartzea “derrigorrezko” jarri baitzuten pandemia garaian.
2022ko datuek telefono kontsultetan erregistratu zuten “beherakada txiki bat”. Zerbitzu horrek 98.746 dei jaso zituen iaz, 2021ean baino %22 gutxiago.
Hirian kokatuta dauden autozerbitzuko zazpi terminaletan herritarrek udaleko izapideak gauzatzeko aukera izan zuten. 2022an 54.912 izapide bideratu ziren kanal horiek erabilita, 2021ean baino %12 gutxiago.
Udalarekin harremanetan jartzeko helbide elektronikoa “gero eta gehiago” erabiltzen dela baietsi du udal erakundeak. 2020ean eta 2021ean “marka historikoa” lortu ondoren, iazko datuek “apur bat behera” egin zutela iragarri dute. Orotara, 4.142 kontsulta argitu ziren iaz korreoz. Zifra hori “iazko datuen azpitik” badago ere, pandemia aurreko urteetatik datorren “goranzko joera” baten “erakusgarri” dela nabarmendu du udalak.
Bulego berdea
Aholkularitza energetikoko zerbitzuak lehen urte osoa bete zuen 2022an. Denbora horretan herritarrek 139 kontsulta egin zituztela aurreratu du udalak, %72 aurrez aurre eta %28 posta elektronikoz edo telefonoz.
Kontsultei dagokionez, gehienak elektrizitatearen eta gasaren tarifa eta kontsulten ingurukoak izan ziren, %70 eta %55 izan baitira gai horiei buruzkoak, hurrenez hurren.