Emaitza bikainak gazteen mailako Gipuzkoako Txapelketetan
BATeko kirolari gazteenek maila onean daudela erakutsi zuten asteburuan. Espainiako Txapelketan aritzeko hiru minimo eta hainbat domina lortu zituzten.
Bidasoa Atletiko Taldeko gazteen mailetako atletek Donostian lehiatu ziren Gipuzkoako Txapelketetan hartu zuten parte iragan asteburuan. BATeko kideak bikain aritu ziren beste behin, harrobiko kirolariak “maila onean” daudela erakutsi zuten, Espainiako Txapelketetan aritzeko hiru minimo eta hainbat domina lortuz.
16 urtez azpikoak
16 urtez azpiko mailako emaitzak izan ziren esanguratsuenak, hamaika domina eta “emaitza handiak” erdietsiz. 600 metroko proban Hugo Vazquezen eta Alai Cabelloren izenak gailendu ziren partaide guztien artean, lehen eta bigarren postuan sailkatu baitziren, hurrenez hurren. Biek lortu zuten Espainiako 16 urtez azpiko txapelketan parte hartzeko minimoa.
100 metroko proban Egoitz Mikelarenak urrezko domina lortu zuen, eta Markel Garnachok, aldiz, brontzezkoa. Hesien 100 metroko proban, BATeko beste garaile bat: Jon Gajate. Proba berean Rafael Caseau hirugarren sailkatu zen. Caseau ere podiumera igo zen luzera jauzian, modalitate horretan ere lortu baitzuen brontzezko domina.
Naia Llorentek altuera jauzian eta Uzuri Martiarenak disko jaurtiketan urrezko dominak erdietsi zituzten. Oihana Amado eta Ibai Anaut, berriz, hirugarren sailkatu ziren disko jaurtiketako proban.
18 urtez azpikoak
18 urtez azpiko mailan zazpi domina eskuratu zituzten BATeko kirolari gazteek. Elena Tapiak urrezko domina erdietsi zuen luzera jauziko proban, eta egindako jauziarekin Espainiako 18 urtez azpiko txapelketan parte hartzeko minimoa lortu zuen.
Leire Martiarenak 100 metrotan eta Alaine Agerraldek 400 metrotan urrezko dominak lortu zituzten. 1.500 metroko proban Nahia Pikabea bigarren izan zen, eta bere taldekide Lorea Cabezon, hirugarren. Pisu jaurtiketako proban Jare Garciak eta Luken Riverok brontzezko domina lortu zuten.
20 urtez azpikoak
20 urtez azpiko mailako kideei dagokionez, lau domina erdietsi zituzten. Laia Olaskoaga 100 metroko proban gailendu zen, eta proba berean, Martina Villar hirugarren postuan sailkatu zen.
Mario Estanga altuera jauziko proban nagusitu zen, bere espezialitate ohikoena pertika jauzia bada ere. Azken domina Mae Mendiburuk lortu zuen, bigarren izan baitzen 400 metrotan.
Master maila
Master kategoriako 60 urtetik gorako mailan Jose Maria Zabalak bi urrezko domina erdietsi zituen, 100 eta 400 metrotako probetan. Miguel Arburuak ere bi urrezko domina lortu zituen, bere kasuan disko eta pisu jaurtiketan. 45 urtetik gorako mailan, aldiz, Susana Ruiz 400 metrotan nagusitu zen. Emaitza paregabeak lortu zituzten.
Eskolarteko Gipuzkoako Txapelketa
Iragan asteburuan ere eskolarteko proba konbinatuen Gipuzkoako Txapelketak lehiatu ziren, kimu eta infantil mailetan, eta emaitza paregabeak erdietsi zituzten BATeko kide gazteenek.
Ines Garaialdek zilarrezko domina lortu zuen kimu mailan, 1.304 punturekin. Garaialdek 60 metrotako, luzera jauziko eta pisu jaurtiketako probetan hartu zuen parte.
Infantil mailan, berriz, Iker Anautek brontzezko domina eskuratu zuen, 1.842 punturekin, eta Ibai Anaut, Ikerren anaia, laugarren izan zen lehiaketa berean. BATeko kirolariek 80 metroko, luzera jauziko, pisu jaurtiketako eta hesien 80 metroko probetan hartu zuten parte.