Nazioarteko berrikuntzan "erreferente" izateko asmoa duen Campus Teknologikoa
Enplegu berriak sortzea eta bertako industriaren lehiakortasunari eta berrikuntza gaitasunari "bultzada berri bat" ematea dira proiektu berri honen helburuak. Campus Teknologikoak Bidasoko herritarren zein eskualdeko ekonomia indartuko dituela ziurtatu dute.
Maiatzaren 11an onartu zen Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) berriaren hasierako onespen dokumentua, eta, harekin batera, Campus Teknologikoaren hirigintza garapena baietsi zen ere.
Aste honetan Eider Mendoza Diputatu Nagusirako hautagaia, Gonzalo Carrion Hondarribiko alkategaia eta Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Iraunkortasun eta Ingurumen Sailburua Zubietako lurretan izan dira lankidetza instituzional batean.
Bertan azaldu zutenez, jeltzaleentzat proiektuak “potentzial izugarria” du, ez bakarrik bertako industria eta ekonomiaren garapenari dagokionez, baizik eta nazioarteko berrikuntzan erreferente gisa izan dezakeen posizioari begira ere. Horregatik, datozen lau urteetan lehentasunezko proiektua izango dela jakinarazi zuen Mendozak, eta Carrionekin batera “Campusaren bultzada eta garapena bizkortzeko” konpromisoa hartu zuten biak ala biak.
Mendozaren esanetan proiektu honek eskualdeko industriaren lehiakortasunari eta berrikuntza gaitasunari “bultzada berri bat” emango dio, “lanpostu berrien sorrera ekarriko du” eta Hondarribiko eta Bidasoaldeko ekonomia aktibitatea eta herriaren ekonomia “indartzea” ekarriko du.
Bestalde, Carrionen ustez HAPOaren onespenak “etorkizuneko proiektuz beteriko lehio bat ireki du”. “Hondarribian EAJk bakarrik egin du ekimen honen aldeko apustua. Aurrean ditugu EH Bildu eta Abotsanitz, elkarrekin EZezkoaren pankartari eusten”. Alkategaiak, halaber, erakundeei lankidetza eskatu zien “sarean lan egiteko”.
Arantxa Tapiak, bere aldetik, Campus Teknologikoaren kokapenari egin zion erreferentzia. Izan ere, haren ustez, kokagunea “oso erakargarria” izango da enpresa teknologikoentzat.
Datozen hilabeteetan, proiektuak aurrera egin dezan, Zubietako Plan Partziala sortzen hasiko dira.