"Udaletxean sartu nahi dugu, 40 urtez gobernatu duen EAJ gelditzeko"
PPk ez du ordezkaritzarik egun Hondarribiko Udalean. "Erabakigarriak izateko" sartu nahi dute udaletxean.
Datorren hilaren 28an, zergatik eman botoa zuri?
Hondarribiarren beharretan zentratutako aukera garelako, zentzuzkoa eta moderatua. Anbiziozko proiektua dugu, berritzailea, inor diskriminatzen ez duena, ez kolektiborik, ezta auzorik ere. Gure proiektuak Hondarribiko herritarren bizitza hobetzea du helburu.
Alkatetzara iristen bazara, zein izango da egingo duzun lehenengo gauza?
Alkatetzara iristen banaiz egingo dudan lehenengo gauza elkarte eta eragileekin biltzea izango da, haien arazoak eta eskaerak ezagutzeko, lasaiago. Herritarrek zer esan nahi duten entzungo dut. Alkate on batek herritarrak entzun behar ditu, eta irtenbideak eskaini. Argi dudana da une gogorrak bizitzen ari diren familiak fiskalki arinduko ditudala, ahal dudana.
Euskararen erabilera datuak behera doaz. Egun, hondarribiarren %16,3k hitz egiten du euskaraz kalean. Datu horiek iraultzeko, zer egingo zenuke?
Nire ustez, eta uste dut errealitateak arrazoia ematen didala, hizkuntza politikek ez dute eraginik izan. Egia esanda, euskararen erabileraren beherakadan faktore askok dute eragina, eta ez dakit badagoen soluziorik. Imajinatzen dut testuinguru sozialak eragina duela, familiak, lanak… Hiri handietan gutxiago hitz egiten da adibidez, eta herri txikietan gehiago. 25 urterekin ikasten hasi naiz, eta nahi dudalako egin dut, ez inork behartu nauelako. Zuzenbidean lizentziatutakoa naiz, eta nire lanbidean ez didate euskara exijitzen. Uste dut hizkuntzak herritarrak elkartu eta komunikatzeko zubiak direla, eta ez dagoela arazorik horretan.
Bizitzeko hiri garestia da Hondarribia. Etxebizitzaren egoera iraultzeko, zer proposatzen duzue?
Bero dagoen gaia da etxebizitzarena. Egia da etxebizitzaren konpetentziak komunitate autonomoek eta udalek dutela, baina eztabaidak ez luke horretan geratu behar. Eusko Jaurlaritzak zer egin du etxebizitzaren alde? Lur gehiago liberalizatu du, etxe gehiago egin dituzte. Irtenbidea bilatzeko, existitzen bada, alokairu sozialeko etxebizitzak egingo nituzke, beharra dutenen egoerari irtenbide bat emateko. Etxebizitza publikoko poltsa bat sortuko nuke eta gainera, udalera sartzen baga, edo alkate izatera iristen banaiz, entitate bat bultzatuko genuke alokairuzko etxebizitza publiko horiek egiteko.
Alardearen gatazkari irtenbide bat emateko, zer proposatzen du zure taldeak?
Uste dut gaur egun ez dela existitzen gatazka bat. Badakit urte luzez momentu gogorrak bizitu ditugula, itsusiak, baina uste dut jada ez dagoela gatazkarik. Uste dut festak bizitu eta gozatzeko bi modu daudela, eta horrekin geratzen naiz. Urtez urte festen balantzea positiboagoa da. Azken alarde egunean uste dut denek ongi bizitu genuela, gozatu genuela. PP eta ni pertsonalki harro sentitzen naiz gure jaiekin, tradizioekin eta historiarekin. Elkarbizitzen jarraitzea garrantzitsua da, errespetutik noski.
Zer nolako hiri ereduaren alde egiten duzue?
Herritar guztiekin konprometitutako hiri eredu bat bultzatuko dugu, inor baztertuko ez duena. Proiektu ilusionagarria dugu, pertsonetan zentratutakoa. Erabakigarriak izateko udaletxean sartu nahi dugu, eta 40 urtez gobernatu duen EAJ gelditu. Gero eta gehiago sartu udalean, pluralagoa izango da, eta gauza hobeak ahalko dira egin.
OARSO BIDASOKO HITZAk herri guztietako alkategaiei egindako elkarrizketak publikatuko ditu. Hautagai horiek HITZAk emandako galdetegi bat erantzun dute, eta herri bakoitzeko alkategai guztiei galdera berberak egin zaizkie. Elkarrizketak 2019ko udal hauteskundeen emaitzen arabera publikatuko ditu HITZAk, boz gutxien jaso zituen alderditik hasita, gehien bere egin zituenera arte.
Honakoa Hondarribiko lehena da.