Larunbateko eraso matxista gaitzesteko kalera aterako dira gaur hondarribiarrak
Joan den larunbat gauean emakume bati eraso egin zioten bere etxebizitzaren atarian. Eraso matxista arbuiatzeko elkarretaratzea egingo dute arratsaldean.
Hondarribiko Udalak jakinarazi du larunbat gauean emakume bat eraso matxista egin ziotela bere etxebizitzaren atarian. Erasoa gaitzesteko elkarretaratzea egingo dute gaur (hilak 22), 19:00etan, Martxoak 8 plazan. Ordezkaritza duten talde guztiak bertan izango dira.
Udalak babesa eta gertutasuna helarazi dizkio biktimari, eta “gure hiriko bizikidetza hausten duen edozein indarkeriazko ekintza gaitzetsi eta arbuiatzen du”. Azken eraso honen harira, “espazio seguruak” hobetzen jarraitzeko konpromisoa hartu du erakundeak, “erasorik gabeko hiri batean pertsona guztiak aske eta errespetatuta senti daitezen”. Aldundiak ere bat egin du salaketa eta deialdiarekin.