Hauteskunde propagandan Amuitzen izena erabiltzea leporatu diote EAJri
Duela hamar egun arte Gonzalo Carrion alkategaiak ez duela haiekin hitz egiteko "inolako interesik erakutsi" salatu du elkarteak. Bilerarik egin ez arren, haien irudia erabili dutela salatu dute.
Hondarribiko EAJ taldeak Amuitz merkatarien elkartearen izena euren hauteskunde bideo batean erabili duela salatu du elkarteak. Hedabideei bidalitako ohar batean diotenez, Gonzalo Carrion alkategaiak orain arte ez du haiekin hitz egiteko “inolako interesik erakutsi”, duela hamar egun arte, “kanpaina hasteko zela eta programak jada prestatu direnean”.
Oraindik bilerarik ez dutela egin diote amorruz, baina hala eta guztiz ere, Carrionek hauteskunde propagandan euren izena erabili duela. “Hauteskundeetan erabili ordez, hurrengoan Hondarribiko merkataritzaren arazoak ezagutzeko benetako interesa erakustea gustatuko litzaiguke. Prest gaude merkataritza eta tokiko egoeran interesa duen ororekin hitz egiteko, eta hala egin dugu gure iritzia eskatu duten oposizioko taldeekin, eztabaida interesgarriak izan baititugu haiekin”.
Amuitzekin elkarlanean aritzeko haiekin hitz egitea “beharrezkoa” dela gogorarazi diete EAJri eta Gonzalo Carrion alkategaiari, “hori baita modu bakarra, gutxietsi gabe, puenteatu gabe eta albo batera utzi gabe”.