Elkarrekin Podemos: "Zerbitzu publikoak hortzez eta haginez defendatuko ditugu"
Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza-Alianza Verde koalizioak Irungo Pio XII plazan mitin nagusia egin du. Bertan izango dira Pilar Garrido, Rafa Mayoral, David Nuño, Miren Etxebeste, Arantza Gonzalez eta Santi Jimenez.
“Hortzez eta haginez defendatuko ditugu zerbitzu publikoak”. Hala agindu du Elkarrekin Podemos hautesle elkargoak gaur goizean Irungo Pio XII plazan egin duen ekitaldi politikoan. David Nuño alkategaia, Pilar Garrido Podemos Euskadiko koordinatzaile nagusia, Rafa Mayoral Unidas Podemoseko diputatua, Miren Etxebeste Gipuzkoako Ahaldungai Nagusia, Santi Gimenez eta Arantza Gonzalez Irun eta Donostiako udaletarako hautagaiak, hurrenez hurren, izan dira gaurko ekitaldian.
Herritarrekin konpromiso argia dutela esan du Garridok gaurko ekitaldi horretan, eta ez zaizkiela “hankak dardarka jarriko” zerbitzu publikoak defendatzeko garaian, PSOEko gobernu akordioa betetzea “asko kostatzen” ari zaiela aitortu ostean, “programa, herritarrekin egindako ituna da guretzat”. Ordezkatzen duen koalizioak “arduratsu” jokatzen duela erakutsi duela gaineratu du, baita kudeatzaile onak direla ere “gehiengo sozialak defendatzeko”. Osasuna eta Hezkuntza publikoa babesteko “berme bakarra” koalizio morea dela erantsi du Garridok, “baita etxebizitza bidezko prezioan eskuratzea ahalbidetuko dugunak. Geu gara publikotasunaren defentsa bermatzen dugun bakarrak”.
Osasungintza publikoa izan du hizpide Etxebestek bere aldetik, eta EAJ eta PSE-EEri “duintasunaren muga guztiak” gainditzea egotzi die egiten ari diren osasungintza publikoaren kudeaketarekin, “gainerako alderdi guztiek negozioa eta bezero sareak ikusten dituzte zerbitzu publikoetan. Bilduk gobernatzen duen lekuetan pribatizazioen eta negozioen trenera igo da. Maiatzaren 28ko hauteskundeen helburua gehiengoaren eskubidea defendatzea da”.
EAJ eta PSE-EE “motzean lotu” behar direla defendatu du Nuñok, “koilare ezberdina daramaten txakur berak dira, edo motzean lotzen ditugu, edo ez dira politika aurrerakoiak egiteko gai izango. Politika klasista eta elitistak egiteko erraztasun handiagoa baitute”. Irundarrek jarritako erronka jaso dutela erantsi du Elkarrekin Podemoseko alkategaiak, “zerbitzu publiko indartsuak, eta ez guztion kontura negozioa egitea”. Osasuna ez dela jolasa ere esan zuen, “demokrazia” baizik, “eta demokrazia defendatu egin behar da. Hilaren 28an aukera duzue politika elitistei nahikoa dela esateko”.