"Enpresa eta udalaren erantzun eza ikusita", greba luzatzea erabaki dute udal lorezainek
Beste hiru astez eutsiko diote borrokari Elai Serbitzuak enpresako langileek, ekainaren 27ra bitarte hain zuzen.
Hasiera batean hilaren 28ra bitarte egingo bazuten ere, greba luzatzea erabaki berri dute udal lorezainek. ELA sindikatuak jakinarazi du “enpresa eta udalaren erantzun eza ikusita” hartu dutela erabakia. Hala, ekainaren 17ra bitarte luzatuko dute borroka.
Elai Serbitzuak enpresak oraindik erantzun gabe jarraitzen duela salatu du sindikatuak, eta hortaz “lan gatazkak aurrera jarraituko” duela diote: “arazoa enkistatzen hasia dago”.
Udalaren aldetik ere ez dutela erantzunik jaso diote. “Enpresarekin hitz egin omen dute, baina langileok ez dugu horren berririk eduki eta arazoari irtenbide bat eman dakiokeen proposamenik ez dugu jaso”.
Egoera honen aurrean ez dute greba ez den beste irtenbiderik ikusten langileek, “gure hitzarmen propioa negoziatzeko eta enpresak ebatsi diguna berreskuratzeko”.