Aitor Gorrotxategi, zortzigarren Munduko Kopan
Piraguista irundarra Hungarian izan zen iragan astean ur lasaietako K4 500 metroko modalitateko Munduko Kopan parte hartzeko. Txapelketa bikaina osatu ondoren, zortzigarren izan dira.

Aitor Gorrotxategi zortzigarren izan da iragan astean Hungarian lehiatu zen Munduko Kopan. Piraguista irundarrak ur lasaietako K4 500 metroko modalitatean hartu zuen parte Szegedeko pistan Pelayo Roza eta Carlos Perez asturiarrekin, eta Adrian del Rio madrildarrarekin batera.
Gorrotxategik eta bere taldekideek ostegunean jokatu zuten kanporaketa fasea eta erraztasunez sailkatu ziren finalerdietarako. Ostiralean lasterketa bikaina osatu zuten, finalerako txartela lortuz. Ostiralean bertan jokatu zen finala, eta hasiera ona izan bazuten ere, zortzigarren postuan bukatu zuten.
Asteburu bizia
Santiagotarrakeko arraunlariek lehiaz betetako asteburua dute aurretik. Alde batetik, piraguismoko ur bizietako Euskadiko Txapelketa jokatuko da bihar Paun (Frantzia), Santiagotarrakeko 35 piraguistaren parte hartzearekin. Bestetik, ur lasaiei dagokionez, Espainiako Kopako proba bat lehiatuko da Pontevedran bihar eta etzi. Azkenik, arrauneko aulki mugikorreko modalitatean, estropada internazionala jokatuko da igandean Bordelen (Frantzia).