Hasi dira Artiako soropil artifiziala berritzeko lanak
Zelaiko beste zenbait elementu ere ordeztuko dira soropilarekin batera eta obrek irauten duten denboran ezingo da instalazioa erabili.
Irungo Udalak jakinarazi du hasi direla Artiako soropil artifiziala berritzeko lanak. Jarduketa hori futbol zelaia berritzeko proiektu zabalago baten hobekuntza nagusia dela zehaztu du udal erakundeak. 300.000 euroko aurrekontua izango dute obrek, eta zelaiko beste zenbait elementu ere ordeztuko direla aurreratu du udalak. Horrez gain, lanek irauten duten bitartean ezingo da instalazioa erabili.
Alde batetik, egun dagoen soropila kenduko da, eta Geodren sistema bat instalatuko da oinarri elastikoarekin eta 40 milimetroko soropil artifizialarekin. Soropila kendu ondoren, oinarrizko geruza erratz makina mekanikoarekin garbituko dela azaldu dute. Planimetria ere egiaztatuko da, eta hondoratutako eremuak konponduko dira. Jarduketa horiek eginda, proiektatutako soropil sistema berria ipiniko dela adierazi du udalak.
Bestalde, aulkien eremua ere desmuntatu eta prestatuko dela nabarmendu dute, bertan ere jarriko baita soropil sistema berria. Horretarako, 15 zentimetroko lodierako zolata bat instalatuko da egungoaren azpiko kota batean, polipropilenozko zuntzen bidez armatua.
Zelaiaren perimetroko sareak berrituko dira, eta joko zelaiaren muga diren hormak elementu bilgunez babestuko dira. Ate eta aulki berriak ere instalatuko dira.
Lanak egiteko epea hiru hilabetekoa da eta Obras y Pavimentos Especiales SA da enpresa esleipenduna. Horrez gain, udalak gogorarazi du berriki aldatu dela Artiako argiteria, LED argiak jarrita, 88.803 euroko aurrekontuarekin.