Auzoetan egin diren lanak hauteskunde garaian izan direla salatu du Elkarrekin koalizioak
Auzoetan egin diren egokitzapenak azken bi hilabeteetan izan direla salatu du David Nuño alkategaiak: "Lastima da urtero hauteskundeak ez izatea, horrela auzoak nola hobetzen diren ikusiko genuke".
David Nuñok, Elkarrekin koalizioko alkategaiak, Irungo auzoetan egiten den “inbertsio eskasa” hauteskunde garaian egin dela salatu du gaur goizean egindako agerraldian: “Egokitzapen obra txikiak ez dira hauteskunde egunera arte iritsi. Iritsi dira, baina azken bi hilabete hauetan. Badirudi urtearen gainerako egunetan auzoak alkatearen publizitatea egiteko baino ez daudela”.
Koalizioko alkategaiak adierazi du azken bi hilabete hauetan hiriak ikusi duela “nola garbitzen zaion aurpegia” kaleren bati, hainbat urtetan “arretarik gabe” egon ondoren: “Lastima da urtero hauteskundeak ez izatea, horrela auzoak nola hobetzen diren ikusiko genuke”. Hori dela eta, Nuñok argi du auzoetako inbertsioak “lehentasuna” izan behar duela “hauteskundeak egon ala ez”.
Dena den, Nuñok zehaztu du “kale gehiegi” direla inoiz iristen ez den “inbertsio handia” behar dutenak. “Lehentasunak beste batzuk direla dirudi”, gaineratu du alkategaiak. Koalizioko buruak azaldu du “nahikoa” dela pandemia aitzakiatzat erabiltzea: “Badirudi baliagarria izango zaigula egin genezakeen guztia ez egin izana zuritzeko. Egia esan, auzoek inbertsioa behar dute, baina ez hauteskunde garaian bakarrik, urtean zehar baizik”.
Aparkalekuak
Arasoko eta Behobiako industrialdeetan “egoerak hobera egiten ez duela” gaitzetsi du Nuñok. Bertako errepideak “oso egoera txarrean” daudela eta trafikoa “gobernaezina” dela esan du. “Asko dira lanera joateko eta lanpostutik itzultzeko benetako odisea egunero jasaten duten langileak, eta, bizi diren auzoaren arabera, aparkatzeko bueltak eta bueltak eman behar izaten dituzte arazoak konpondu ez dituen enpresa pribatu handientzako negozioa izan den aparkalekua kudeatzeko ereduaren ondorioz”, nabarmendu du koalizioko alkategaiak.
Lorezaintza
Lorezaintzarekin “gauza bera” gertatzen dela jakinarazi du koalizioaren buruak, “zuhaitz politika sustatu” beharrean, loreak landatzeko “politika zaharrarekin” jarraitzen baitute. “Gutxiago gastatu behar da loreetan eta gehiago zuhaitzetan, batez ere kontserbazioan eta ureztatze egokian. Nahiago dute berriro kolore alderdikoiez egindako apaingarriak jartzea”, adierazi du Nuñok.
Aipatutako guztiagatik, “udalaren lehentasunak berrantolatu” behar direla nabarmendu du koalizioko zerrendaburuak. Elkarrekinek “auzoetako bizi kalitatearen aldeko apustua” egiten duela argi esan du Nuñok. Horretarako, “auzo politikak, irisgarriak eta zerbitzu hobeak” dituztenak aldarrikatu ditu: “Irunek ez luke izan behar leku enblematikoen lau argazkiez osatutako postal bat, baizik eta harro egoteko moduko postal bat, auzoko lau argazkikoa. Auzoak dira hiriaren benetako motorrak”.