Udal lorezainek hilaren 28ra arte luzatuko dute greba
ELA sindikatuak salatu duenez, enpresa kudeatzailearekin negoziatzeko "hainbatetan" hitzordua lortzen saiatu dira baina ez dute erantzunik jaso. Gaurkoa hirugarren greba eguna izan da.
Joan den hil bukaeran hasitako borrokarekin tinko jarraitzen dute Elai Serbitzuak SL enpresako langileek (udal lorezainek). Astelehenean greba berri bati ekin zioten, eta hilaren 28ra arte (igandea da) jarraitzeko asmoa dute, “hitzarmen propio baten alde”. Irudia gaurko protestan jasotakoa da.
ELA sindikatuak salatu duenez, enpresa kudeatzailearekin negoziatzeko “hainbatetan” hitzordua lortzen saiatu dira baina ez dute erantzunik jaso eta, hortaz, “lan gatazkak aurrera jarraituko” duela diote. Udalarekin ere bildu dira langileak, baina ez dute aurrerapausorik lortu.
Horregatik hilaren 28ra arte luzatuko dute protesta. Ostiralean (hilak 19) Hondarribian manifestazioa egingo dutela aurreratu dute, baina ez dute ordurik zehaztu oraindik.