Lapurriturrik prest du denboraldi berria
Hilaren 28an hegaztiak ezagutzeko irteera batek emango dio hasiera jarduera programari. Bestalde, informazio gunea ekainaren 3tik urriaren 29ra bitartean egongo da irekita.
Aste Santuan ateak ireki ondoren, Lapurriturriko Informazio Guneak prest du jada denboraldi berrirako jarduera programa. Denboraldia ekainaren 3an irekiko da ofizialki, baina hilaren 28rako antolatu dute lehen ekintza: landa inguruan bizi diren hegaztiak ezagutzeko irteera bat ondu dute antolatzaileek.
Hegaztien mundua ezagutzen duen gidari batek lagunduta, parte hartzaileak hainbat espezie identifikatzen saiatuko direla aurreratu dute antolatzaileek, bai ikusiz, baita haien kantuen bidez ere.
Irteera 09:00etan hasiko da Lapurriturriko Informazio Gunetik, eta prismatikoak eta hegaztiei buruzko gida bat eramatea gomendatu dute antolatzaileek.
Izen-emateak irekita daude, eta Irungo Udalaren webgunean edo 010 telefono zenbakira deituta egin daiteke inskripzioa. Izena emateko azken eguna hilaren 25a arte edo plazak bete arte egongo da zabalik. Gehienez 20 lagunek parte hartu ahal izango dutela zehaztu dute antolatzaileek.
Urrira arte irekita
Jarduera programa martxan jarrita, hainbat txango eskainiko dira. Hurrengo pausoa informazio gunea irekitzea izango da, eta aurrez aipatu bezala, ekainaren 3an egingo da ofizialki. Horrez gain, urriaren 29ra bitarteko asteburuetan, eta uztaileko eta abuztuko jaiegunetan, 10:00etatik 14:00etara egongo da irekia informazio gunea.
Lapurriturrik hamabost urte baino gehiago daramatza bisitariei parkea ezagutarazten, eta, horretarako, hainbat jarduera antolatzen ditu denboraldian zehar. Irteera horiez gain, informazio guneak arreta ematen die bisitari guztiei paperean eta gidariaren azalpenen bidez, bai parke naturalari buruz, baita inguruko eskaintza turistikoari buruz ere.