Errugbiko Euskal Txapelketako finalak, larunbatean Plaiaundin
Orotara, bost mailatako bost final jokatuko dira egun osoan zehar. "Errugbi festa handia" antolatu nahi du Txingudi Errugbi Taldeak.
Euskadiko Errugbi Federazioak eta Txingudi Errugbi Taldeak antolatuta, Plaiaundik errugbiko Euskal Txapelketen finalak hartuko ditu larunbat honetan (hilak 20). Orotara, bost final jokatuko dira Irunen: 16 eta 18 urtez azpiko mutilena, emakume eta gizon seniorrena eta Bultza Liga inklusibokoa.
Honakoa da larunbateko partiden zerrenda:
- 16 urtez azpiko mutilak: Hernani – Uribealdea, 09:30ean.
- 18 urtez azpiko mutilak: Hernani – Ordizia, 11:00etan.
- Bultza Liga inklusiboa: Iruña, Gaztedi, Uni Bilbo, Getxo eta Hernani, 12:30ean.
- Emakume seniorrak: Gaztedi – Durango, 14:30ean.
- Gizon seniorrak: Elorrio – Eibar, 16:30ean.
Sarrerak eskuragarri daude jada Txingudi Errugbi Taldearen webgunean. Sarrerak doan dira, baina edariarekin eskuratuz gero, 1,50 euro ordaindu beharko dira, eta aukera horri pintxoa gehituz gero, sarrerak 3,50 euroko prezioa izango duela jakinarazi du Txingudik. Horrez gain, sarrera bakoitzarekin finalen egunean bertan egingo diren zozketetan parte hartu ahal izango dela adierazi du klubak. Jokatuko den final bakoitzeko zozketa bat egingo dela gaineratu dute. Finalen ondoren, Ficoban errugbiaren gala ospatuko dela aurreratu dute, eta bertan sari eta aintzatespenak banatuko dira.
Errugbi festa
Kirol lehiaz harago, “errugbiaren inguruko festa handia” antolatu nahi du Txingudik. Hori dela eta, Plaiaundin txikientzako jolasak antolatu dira; kantina pintxo, ogitarteko eta plater eskaintza zabalarekin irekiko da; animazio eta merchandising salmenta jarduera ezberdinak egongo dira; eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Emakumeok Mugimenduan app-a sustatzeko gune bat muntatuko dute.
Klubak adierazi du autobus anezka zerbitzua egongo dela Ficobako aparkalekutik, ibilgailu partikularretan doazen pertsona guztiek bertan aparkatzeko eta Plaiaundiko sarreran auto ilarak saihesteko. Txingudi Errugbik antolakuntzatik prestatu diren autobusak edo garraio publikoa erabiltzera animatu ditu zale eta klub guztiak, larunbateko “antolaketa lan guztia errazteko”.
Txingudi Errugbi Taldeak nabarmendu du Euskal Txapelketetako finalak antolatzeko “erronka beregain” hartu duela “oinarri soziala eta gaitasun nahikoa” duelako “hain ekitaldi garrantzitsua” antolatzeko; “Bidasoaldean errugbia zabaltzeko eta sustatzeko lanean aurrera egiten” jarraitzeko; eta “euskal errugbiaren erreferente” izateko. Larunbatera begira, “errugbiaren balioak” aplikatzen dituzten hainbat gizarte erakunderekin lanean ari direla baietsi du klubak.
Telebista bidez
Larunbatean Plaiaundin jokatuko diren finalak Euskal Kirol Federazioen Batasuneko streaming plataformaren bitartez eta Teledonostia telebista kanalaren bidez ikusi ahal izango dira. Txingudi Errugbi tabernan ere bost mailetako finalak jarraitu ahal izango dira.