"Zerbitzu publikoak erdigunean" jartzen dituen programa aurkeztu du Elkarrekin koalizioak
Publikotasunaren indarra aldarrikatzeko, "herritarren proposamen zehatzei" erantzuten dien hamahiru puntuko programa osatu du Irungo koalizioak.
Elkarrekin Podemosek, Ezker Anitza-IUk eta Alianza Verdek osatzen duten Elkarrekin koalizioak, David Nuño alkategaia eta bere taldea buru, “zerbitzu publikoak erdigunean jartzen dituen” udal hauteskunde programa aurkeztu du.
‘Publikotasunaren indarra. Irun bizitzeko, hazteko eta garatzeko’ lelopean, bost neurri nagusiko programa osatu du koalizioak, mugikortasunean, gizarte kohesioan, etxebizitzan, osasunean eta berdintasunean arreta jartzen dutenak. Horrez gain, beste zortzi neurriz osatutako programa eraiki dute.
Elkarrekinek osatutako programak “herritarren proposamen zehatzei” erantzuten diela nabarmendu dute, baita azken urte eta erdian zehar planteatutako “kexa eta arazoei” ere. Koalizioak azaldu du Entzute Prozesuarekin bat datorren programa osatu dutela. Prozesu horretan kolektiboak, elkarteak, profesionalak eta enpresak protagonista izan direla zehaztu dute. “Lan gogorra izan da, borondatezkoa kasu askotan, eta bertan islatzen da Irunek behar duena kalitatezko zerbitzu publikoak direla”, adierazi du David Nuño alkategaiak.
Kalitatezko zerbitzu publikoak bermatzeko, hamahiru puntuz osatutako programa eraiki du Irungo Elkarrekin koalizioak. Hona hemen:
- Aparkalekuaren kudeaketa publikoa, kostu prezioan.
- Segurtasun Batzordea auzoetara deszentralizatzea, auzoen beharrak asetzeko.
- Irunviren bidezko bitartekaritza, alokairu soziala diru sarreren %30 baino handiagoa izan ez dadin.
- Hirugarren anbulatorioa Oinaurren. Bidasoa Ospitalea eta anbulatorioak berritzea.
- Zaintzaren sistema publiko bat sortzea eta emakumeen kirola bultzatzea.
- Auzoetan inbertitzea, dauden instalazioak hobetuz.
- Energiaren enpresa publiko bat, bidezko prezioak bermatzeko.
- Aduana Zaharreko goi-mailako prestakuntza zikloak, Via Irun garatzeko ardatz gisa.
- Gazteen Emantzipazio Plana, bizitza proiektu duin bat hastea ahalbidetuko duena.
- Bizitza independentearen aldeko programak, dibertsitate funtzionala dutenentzat.
- Kulturaren eta kirolaren sinergiak erabiltzea, euskararen erabilera sustatzeko.
- Tokiko merkataritza babesteko neurriak eta zergak ezartzea azalera handiei.
- Animaliak babesteko Udal Ordenantza eta animalientzako aterpetxe publiko bat sortzea eskualdean.
Irungo Elkarrekin koalizioaren programa osoa ikusi nahi baduzu, sakatu hemen.
Hauteskunde programa Publikotasunaren indarra webgunean ere ikusi ahal izango da, baita Elkarrekin Podemos, Ezker Anitza-IU eta Alianza Verde alderdiek Irungo auzoetan jarriko dituzten informazio mahaietan ere.