'Ekoaldea' bat Irunen sortzea proposatu du Ekologistak Martxanek
Proiektua Olaberria auzoko Urune baserriaren inguruan garatzea da proposatu dutena, egun Irungo Udalaren jabetza den partzelan.
Olaberria auzoan ekoaldea bat sortzearen proposamena egin du Ekologistak Martxanek eta proiektuari Uruneko auzoa izena jarri diote. Komunitate jasangarri bat sortzea dute asmo, harmonian legokeena naturarekin, ingurumena errespetatzen duena eta giza garapen integrala sustatzen duena.
Kokapenari buruz aipatu dute Olaberriako Monteroko gizendegien instalazio zaharra litzatekeela, Urune baserriaren inguruan, hain zuzen. Baserri hori Irungo Udalaren jabetzakoa dela azaldu du Ekologistak Martxanek.
Proiektu hau gauzatu ahal izateko zazpi puntuko bide orri bat landu dute. Lehen urratsa gizendegia birgaitzea dela diote, tokiko materialak eta material iraunkorrak erabiliz. Asmoa dute ere teknologia berriztagarrien erabilera sustatzekoa, eguzki panelekin eta inguruko instalazioak erabilita energia komunitate bat sortuz.
Proiektu honi esker sortuko duten herrixkan aldi baterako espazioak sortzea ere planteatu dute, gazteentzat eta nazioarteko etxebizitza eskatzaileentzat. “Eko herrixka baten esperientzia bizi eta erosi nahi duten gazte eta nazioarteko etxebizitza eskatzaileentzat”, alegia.
Aldi berean, Bidasoara bideratutako nekazaritza ekologikoko proiektu bat sortzea bultzatu nahi dute. Segidan, laugarren puntuan, hondakinen kudeaketa izan dute hizpide eta “berrerabilera eta kontsumo arduratsua” sustatzearen aldeko ideia defendatu dute: “Hondakin organikoak kudeatzeko eta papera, plastikoa eta beira bezalako materialak birziklatzeko sistema bat ezarriko da”.
Ekoaldea honetan ingurumen hezkuntza egingo lukete, tailer eta ikastaro desberdinak proposatuz, “hala nola, agroekologia, energia berriztagarria, hondakinen kudeaketa eta bio dibertsitatearen kontserbazioa” .
Enpresa eta kooperatibei buruz ere aritu dira: “hainbat sektoretako enpresa eta/edo kooperatibei oihartzuna emateko mintegi bat sortzea: Erkidegoko merkatu bat sortzea bultzatuko da, produktu jasangarriekin”.
Azkenik, turismo jasangarria sustatzearen alde daude, “ekoturismoko eta naturarekiko harremaneko esperiengtziak eskainiz, Aiako Harriak parke naturalerako ibilbide gidatuak, Donejakue bideko erromesentzako ostatua… kontsumo arduratsua eta tokiko ekonomiarentzako laguntza sustatuko dira”.
Proiektu hau gauzatuko balitz espero dituzten emaitzak sei direla azaldu dute. Batetik, komunitate iraunkorra sortuko litzateke, naturarekin harmonian. Bigarrenik, komunitatearen ingurumen inpaktua murriztuko litzateke. Hirugarren, eko herrixkako biztanleen bizi kalitatea hobetuko litzateke, Laugarren, ingurumen hezkuntza eta turismo iraunkorra sustatuko luke proiektuak. Bosgarrenik, biodibertsitatea eta tokiko ekosistemak kontserbatzen lagunduko luke. Azkenik, bidegorrien bidezko irisgarritasuna hobetuko litzateke Larreaundi-Olaberria auzotik Kateara.