Bueltan da Kontenporanea, kultura garaikidearen topaketa
Hilaren 19tik 21era bitartean ospatuko da San Juan plazan. Egitarau zabala osatu dute, eta nazioarteko artisten lanak ikusteko aukera izango da.
Hilaren 19tik 21era Kontenporanea kultura garaikideari buruzko topaketa lurreratuko da San Juan plazan. Irungo Udalak sustatutako egitasmo bat da, eta artearen, kulturaren eta diseinuaren munduko gazte profesionalek antolatzen dute. “Elkarlanean oinarritutako formatu kolektibo baten barruan”, lurraldeko proiektu artistikoak ezagutarazteko eta tokiko, estatuko eta nazioarteko sortzaileekin esperientzia bat partekatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Aurtengo topaketa hiriko hiru gaztek antolatu dutela zehaztu du udalak. Miriam Becerra espazioaren diseinuaz eta bitartekaritzaz arduratu da; Itsaso Labarik komunikazio lanak egin ditu; eta Vanessa Varas diseinu grafikoan murgildu da. Udalak adierazi du aipatutako arloetako prestakuntza espezifikoa dutela hiru gazteek, baina “zeharka lan egingo dute batzordearen baitan”. Horrela, “denek hartuko dute parte edukiak asmatu eta sortzeko prozesuan”.
Hauek dira aurtengo ekitaldian parte hartuko duten artistak: Ibon RG, Enrike Hurtado, Maider Aldasoro, Estela Miguel, Jorge de la Visitacion, Clara Moreno, Elan d’Orphium, Alberto Taranco, Raisa Maudit, Clara Elizondo, Itziar Markiegi (JANA JAN), Beatriz Sanchez eta Mutur Beltz.
Egitaraua
Ostirala, hilak 19:
- 18:30: Hasiera.
- 19:00: Ibon RG + Enrike Hurtado, ‘Orezta’ kontzertua.
- 20:00: Bisita gidatua + topaketa + kopa.
- 21:30-22:30: Maider Aldasoro, ‘Onirikk. Deseo y victoria’ proiekzioa.
Larunbata, hilak 20:
- 11:30: Bisita gidatua euskaraz.
- 12:00-14:00: Clara Moreno + Jorge de la Visitacion, ‘Puede contener trazos de cuentos’. Marrazketako partaidetza ekintza.
- 18:00-21:00: Elan d’Orphium Alberto Tarancoren lankidetzarekin, ‘Maquillaje social’ performancea.
- 20:00: Raisa Maudit, ”Ateneo del Anochecer’ hitzaldi performatiboa.
- 21:00: Clara Elizondo + Itziar Markiegi a.k.a JANA JAn, ‘Gorpuzkeria; Puesta en cuerpos’ performancea.
Igandea, hilak 21:
- 11:00-12:30: Haurrentzako tailerra Itsaso Labari eta Beatriz Sanchezekin.
- 13:00: Mutur Beltz, ‘Txapela buruan eta ibili munduan: Conocer la lana vasca’ erakusketa-tailerra.
- 11:00-13:00: ‘Garabateando el Bidasoa’ marrazketa topaketa.
- 11:00-14:00: Arte azoka.
Instalazioak plazan:
- Maider Aldasoro, ‘Onirikk. Deseo y victoria’.
- Estela Miguel, ‘Ser anfibia’.
Arte azoka:
- Mutur Beltz, Berexiary, Bermi, Patri Taberna, Sofia Herbon, Iraitz Arabolaza eta NOEZ.