Arbesen egoitza berri bat eraikitzeko eta kudeatzeko kontratuaren esleipena egin du aldundiak
263.681.347,65 euroko aurrekontua bideratu dute Arbesen 2026an ateak irekiko dituen gizarte-zerbitzuen zentroaren eraikuntza eta kudeaketara. Mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako 130 egoitza-plaza izango ditu eta, bestetik, tutoretzapeko 54 apartamentu eraikiko dituzte. Eguneko zentro bat ere eraikitzeko hitzarmena sinatu dute udalak eta aldundiak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak jakinarazi du Arbes auzoan egoitza berri baten proiektua idazteko esleipena egin diola Arbesko Egoitza deituriko entitateari, GSR kooperatiba, Krean eta Altuna y Uriari, alegia.
Kontratazio espedientea 263.681.347,65 eurokoa da, azpiegitura eraikitzeko 24 hilabeteko epea eman diete eta 22 urtez kudeatuko dute. Obrak 2023. urtearen bukaeran hasiko direla azaldu du aldundiak.
Proiektua idazteko proposamena pasa den urteko ekainean onartu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, hain zuzen, zuzendaritza fakultatiborako, eraikuntzarako, ekipamendurako eta ustiapenerako obra emakidaren kontratazio espedientea da idazteko onartu zutena.
Eider Mendoza aldundiko bozeramailearen arabera, kontratuak 24 urte eta sei hilabeteko iraupena izango du, hau da, 2026rako irekiko ditu ateak eta 2048. urte arteko kudeaketa kontratua da sinatutakoa.
Mendozak kontratua idazteari buruz adierazi du “konplexutasun handiko espedientea” dela eta foru eta Irungo Udaleko teknikariak lankidetzan aritu ondoren eta “hilabete luzez lan handia egin ondoren” esleipena egitea lortu dutela.
Aldundiko bozeramaileak oroitu du egoitza berri honen proiektua aurreko legealdiaren amaieran aktibatu zela, “baina geldialdia izan zuen COVID-19aren pandemiaren etorrerarekin”. Iazko ekainean berrabiarazi zuten proiektua “garai berrietara egokituta eta Gipuzkoako adinekoen egoitzetan bultzatzen ari den aldaketa sistemikoaren eredu bezala”
Egoitzaren egitura
Arbeseko gizarte-zentro berriak mendekotasun egoeran dauden adinekoentzako 130 egoitza-plaza izango dituela zehaztu dute. Horietatik 15ek psikogeriatrikoa osatuko dute, eta gainerakoak bizikidetza-modulu txikietan antolatuta egongo dira, gehienbat banakako geletan.
Horrez gain, Irungo Udalak eta aldundiak hitzarmen bat sinatu dute eta, ondorioz, aldundiari partzela bat uzteaz gain, tutoretzapeko 54 apartamentu plaza finantzatuko ditu. Azaldu dutenez eremu hori udalaren eskumenekoa da, eta I. mailako mendekotasuna duten adineko pertsonentzat diseinatu dute.
Eguneko zentro bat ere eraikiko dute 30 plaza izango dituena mendekotasun egoeran daudenentzako. Aldi berean, desgaitasuna duten pertsonentzako laguntzak dituzten apartamentuak ere egongo dira 26 plazekin eta desgaitasuna duten pertsonentzako eguneko zentroan 25 plaza eskainiko dituzte.