300 lanpostutik gora eskainiko dira Enpleguaren Astean
Hilaren 30ean egingo da Ficoban XXIX. ekitaldia. Orotara, hainbat sektoretako 45 enpresak hartuko dute parte, 100 enplegu proposamen baino gehiagorekin.
Profil profesional berrien bila dabiltzan eskualdeko eta mugaz gaindiko enpresek eta lana bilatzen ari diren pertsonek hitzordua dute Ficoban hilaren 30ean, bertan ospatuko baita Enpleguaren Astearen XXIX. ekitaldia. Irun eta Hondarribiko Udalek sustatzen dute Bidasoa Biziriken bitartez, eta bere helburu nagusia da “enplegua sortzea eta tokiko enpresek eskatzen duten talenturako sarbidea erraztea”.
Aurtengo edizioan hainbat sektoretako 45 enpresek hartuko dute parte, 100 enplegu proposamen baino gehiagorekin, 300 lanpostutik gora eskainiz. Antolatzaileek zehaztu dute interesdunek “beren curriculumak aurkezteko eta enpresa erreklutatzaileekin harreman zuzenak ezartzeko” aukera izango dutela Ficoban. Eskuragarri dauden lan eskaintzak Bidasoa Biziriken webgunean argitaratu dira, eta azokaren egunera arte egongo dira ikusgai.
Enpleguaren Asteak Ficoba hartuko du hilaren 30ean, asteartea, 09:00etatik 13:30era. Antolatzaileek jakinarazi dute ez dela beharrezkoa enplegu eskaintzetan izena ematea, eta azokarako sarbidea doakoa izango da. Horrez gain, Ficobara bertaratzen direnek beren curriculuma entregatzeko eta elkarrizketa bat egiteko aukera izango dute enpresekin beren espazio erreserbatuetan.
Enpleguaren Astean Euskadiko, Nafarroako eta Frantziako Enplegu Zerbitzu Publikoak bertan izango dira beraien eskaintzak eta horiek eskuratzeko baldintzen berri emateko. Bidez-Bide Elkartea ere Ficoban izango da atzerriko tituluak homologatzeko prozesuari buruzko informazioa emateko. Adiskidetuak Elkarteak, aldiz, atzerritartasunari buruzko aholkularitza eskainiko du, baita prestakuntza bidezko sustraitze prozesu berriari buruzko informazioa ere.
Antolatzaileek gomendatu dute curriculum kopuru nahikoa inprimatuak eramatea, interesa duten enpresei emateko. Hilaren 30ean lan eskaintzak Ficobako beheko solairuan ere egongo dira ikusgai hainbat paneletan, enpresa bakoitzarekiko bilgunearen informazioarekin.
Horrez gain, argazkilaritza profesionaleko doako zerbitzu bat ere eskainiko da, “curriculumean eta sare profesionaletan argazkiak sartu nahi dituzten pertsonentzat zuzendua” egongo dena.
Iazko datuak
Iaz bi Enplegu Azoka egin ziren, maiatzean eta azaroan. Orotara, 76 enpresak hartu zuten parte, 700 lanpostu baino gehiago eskainiz. Parte hartu zuten enpresetako 43rekin egindako jarraipenetik abiatuta, “gutxienez 83 kontratazio” gauzatu zirela baietsi du garapen agentziak.