Txingudiko neskek beren lehen garaipena lortu dute
Nesken talde nagusiak laugarren lagunartekoa jokatu zuen larunbatean Plaiaundin Mungiaren kontra, eta nagusitzeaz gain (22-19), "aurrerapauso" handiak eman dituztela baietsi du klubak.
Txingudi Errugbi Taldeko nesken lehen taldeak laugarren lagunarteko partida jokatu zuen larunbatean Plaiaundin Mungiaren aurka, eta beren lehen garaipena lortu zuten talde bizkaitarra 22-19 menderatuta.
Mungiaren kontra jokatutako bigarren neurketa izan zen asteburukoa bidasoarrentzat, duela bi hilabete jokatu baitzuten euren artean, eta neskek “aurrerapauso” handiak eman dituztela baietsi du klubak.
Partida hasieratik “oso lehiatua” izan zela adierazi du klub bidasoarrak, eta bi taldeek “gogoz” ekin zioten defentsan plakatzeari eta baloia erasoan mugitzeari. Atsedenaldiaren aurretik Txingudik aurrea hartu zuen markagailuan, eta bigarren zati hasieran aldea handitu zuten. Neurketaren azken minutuetan, baina, mungiarrek aldea murriztea lortu zuten, markagailuan 22-19koa ezarriz.
Bidasoarren aldetik Maider Diaz, Helene Tristan, Aitana Garrido, Greta Gutierrez, Laida Rodriguez, Irati Lazkano, Michelle Orozco, Maier Aia, Silvana Ors, Onintza Burguera, Eider Santamaria, Luma Altube, Naroba Catalan eta Garazi Famoso jokalariak zelairatu ziren. Horrez gain, Hernani eta Bera Berako bost jokalariren laguntza ere izan zuten: Naroa de la Fuente, Miren Fernandez, Enara Arruti, Alazne Mazizior eta Gaia Morris.
Gizonak, Baztanen
Larunbatean Txingudiko gizonen talde nagusiak Baztango Menditarrak taldeak antolatzen duen zazpiko errugbiko txapelketan hartu zuen parte. Txapelketa hori denboraldi bukaeran “ohikoa” bilakatu dela zehaztu du klubak, eta Larraintzarreko eskolan jokatu zen, Menditarrek antolatzen duten jaialdiaren barruan.
Iñigo Camarero eta Alejandro Lasaren mutilek lau partida jokatu zituzten etxeko taldearen eta Iruñaren aurka, joan eta etorriko formatuan, eta ez ziren “fin” ibili, hiru norgehiagoka galdu eta bat berdindu baitzituzten.