Programazio zabala osatu du Oiassok Museoen Nazioarteko Egunerako
'Museoak, jasangarritasuna eta ongizatea' lelopean, jarduera mordoa antolatu ditu museo irundarrak ostegunetik igandera bitartean.
Museoen Nazioarteko Kontseiluak Museoen Nazioarteko Eguna antolatzen du urtero, eta mundu osoko milaka museok bat egiten dute egun horrekin, Oiasso Erromatar Museoa barne, hainbat jarduera antolatuz. Aurtengorako sortu duten leloa ‘Museoak, jasangarritasuna eta ongizatea’ da, eta erreferentzia egiten dio museoek, antolatzen dituzten jarduera didaktiko eta kulturalen bidez, “beren komunitateen ongizatea eta garapen jasangarria sustatzeko duten gaitasunari”.
Ostegunean, hilak 18, ospatuko da Museoen Nazioarteko Eguna, eta Oiassok programazio zabala antolatu du ostegunetik igandera bitartean. Hauexek dira Oiassoren proposamenak:
- Osteguna, hilak 18:
Ostegunean emango zaio hasiera museo irundarrak antolatutako programazioari. 11:00etan, museoak ‘Oiassoren patua’ izeneko OIASSO APParen bertsio berria aurkeztuko du, erabiltzaileak hiri erromatarraren misterioak argitzera jolas daitezen beren mugikorren bidez.
Oiasso zaharrean girotutako fikziozko kontakizun bat dela argitu dute museotik: erabiltzaileek hirian barrena mugitzeko aukera izango dute, eta askotariko enigmak argitu, museoko bildumetako pieza arkeologikoenetan 3D-ko birsorkuntzaren bidez. Horrela, museoak zehaztu du osatuta geratuko dela OIASSO APPa, Oiasso Museoaren bildumak mundu digitalean zabaltzeko Tempografixek Gipuzkoako Foru Aldundiarekin batera garatutako aplikazioa. App hori doakoa da, eta museoko erabiltzaile guztiek erabili ahal izango dutela adierazi dute.
Osteguneko museoko sarrera doakoa da, eta ‘Bidasoaren atlas emozionala’ aldi baterako erakusketa bisitatzeko eta Oiassoko bilduma iraunkorra ikusteko aukera izango dute bisitariek.
- Ostirala, hilak 19:
Ostiralean, 11:00etan, tailer bat egingo da Irungo Matia Osasun Mentaleko Zentroko terapia okupazionaleko zerbitzuko erabiltzaileekin. Antolatzaileen esanetan, jarduera horren helburua da lengoaia plastiko baten bidez Bidasoa ibaiaren inguruko ideiak eta sentimenduak azaltzea eta elkarrekin ibaiaren mapa kolektibo eta emozional bat osatzea. ‘Bidasoako atlas emozionala’ aldi baterako erakusketarekin lotutako jarduera bat da.
Horrez gain, ‘Egiptomania’ zikloko beste hitzaldi bat egingo da arratsaldean, 19:00etan. Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera antolatu da ‘Budak Egipton? Egipto mundu zahar globalizatuaren ardatzean duela bi mila urte’ izeneko hitzaldia, Fernando Wulff Alonso katedradunaren gidaritzapean. Sarrera librea da, museoko leku guztiak bete arte.
- Larunbata, hilak 20:
Bisita gidatu bat antolatu da Aiako Harrian dagoen Irugurutzetako meatzeen interpretazio zentrora. Duela mende askotatik mendi horietan egindako meatzaritzaren aztarnak ikusteko aukera egongo dela aurreratu du Oiassok.
- Igandea, hilak 21:
Iganderako beste bisita gidatu bat antolatu da, Ama Xantalen ermitara, hain zuzen. Bisita hori Tour Irun Romano mugikorreko doako aplikazioarekin egingo da, eta Oiassori buruzko aurkikuntza arkeologiko nagusiak bisitatzeko ibilbide bat gauzatuko da hiriaren erdigunean.
- Kultur txangoen programa:
Museoen Nazioarteko Eguneko programazioaz gain, Oiassok jakinarazi du kultur txangoen programa bat abiatu duela Bizkaiko ondare arkeologikoa ezagutzeko. Horren baitan, Santimamiñeko leizea, Foruko aztarnategia eta Arkeologi Museoa bisitatuko dituzte ekainaren 17an (larunbata). Txangoetan izena emateko epea zabalik dago, eta 943 63 93 53 telefonoan, posta elektronikoz edo aurrez aurre egin daiteke. Txango bakoitzaren inguruko informazioa Oiasso Museoaren web orrian kontsulta daiteke.