Irungo anbulatorioei esleitutako biztanleriari buruzko datuak argitaratu dira
Datuen arabera, familia mediku bakoitzak, batez beste, 1.535 herritar artatzen dituela jakinarazi du Osasun Bidasoa Plataformak. Herritarrei arreta kalitatea hobetzeko, Oinaurreko hirugarren osasun zentroa aldarrikatu dute.
Irungo anbulatorioei esleitutako biztanleriari buruzko datuak argitaratu dira berriki, eta Osasun Bidasoa Plataformak datu horien inguruko gogoeta egin du. Argitaratutako txostenak dio mediku bakoitzak 1.302 erabiltzaile artatzen dituela Irunen, baina plataformak dio informazio horrek “irudi faltsua” ematen duela, ez baitator bat “asistentziaren errealitatearekin”, haurren eta helduen datuak “nahasten” baititu.
2023ko apirileko datuak aintzat hartuta, Irungo familia mediku bakoitzak, batez beste, 1.535 herritar artatzen dituela jakinarazi du Osasun Bidasoak, eta pediatra bakoitzak, batez beste, 868 haur jasotzen dituela gaineratu dute. “Asistentzia kalitate ona ziurtatzeko”, familia medikuek 1.200 eta 1.500 erabiltzaile artean artatu behar dituztela ezarrita dagoela adierazi du plataformak, “inoiz ere ez 1.500 baino gehiago”. Pediatren kupoa, aldiz, 800 eta 1.000 artean ezarrita dagoela iragarri dute.
Plataformaren ustez, “mediku bakoitzak 1.302 erabiltzaile artatzen dituela baieztatzeak”, familia medikuntzaren eta pediatren arteko aldeak “kontuan hartu gabe”, datuak “desitxuratzen” ditu, “asistentzia presio baxuaren irudi faltsua emanez”.
Egun, Irungo bi anbulatorioek 68.786 herritar artatzen dituztela gogorarazi du Osasun Bidasoak, Irungo 63.000 biztanleez gain, 5.000 baino gehiago mugaz gaindiko erabiltzaile edo hiru hilabete baino gehiagoz alde baterako lekualdatu direnak ere sartzen baitira. Hiru hilabete baino gutxiagoko desplazatuak, berriz, zenbatzen ez direla baietsi du plataformak: “Horrek esan nahi du Irun mugako hiria denez, lan karga osagarria sortzen duten iragaitzazko bidaiarien kopuru handi bat ez dela zenbatzen baliabideak esleitzerakoan”.
Hirugarren anbulatorioaren beharra
Kontsultarako tokirik ez izateak eta Irungo familia medikuei esleitutako erabiltzaile gehiegizko kopuruak “egiturazko defizita” dakartela jakinarazi du plataformak. “Horrek eragina du herritarrei ematen zaien arretaren kalitatean”, gaineratu dute.
Gauzak horrela, Osasun Bidasoa Plataformak Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailari eskatu dio Oinaurren hirugarren osasun zentroa “berehala” eraiki dezala, gaur egun herritarrei eskaintzen zaien arreta “hobetu” ahal izateko, medikuntzako, erizaintzako eta administrazioko profesional berriak kontratatzeko aukera emanez.