Apirilean izugarri hazi dira aireportuaren zenbakiak
2019aren alderatuta, %42 hazi da apirilean garraio azpiegitura erabili duten bidaiarien kopurua. Hegaldietan apalagoa izan da igoera.
2023. urtea oparoa izaten ari da Hondarribiko aireportuarentzat, bidaiarien eta hegaldien kopuruari begiratuta bai behintzat. Apirilean 39.553 bidaiarik erabili zuten garraio azpiegitura, erreferentzia bezala hartzen duten 2019. urteko apirilarekin alderatuta %42 gehiagok.
Hegaldietan, ordea, apalagoa izan da igoera: apirilean 535 hegaldi operazio zenbatu zituzten aireportuan, 2019ko erreferentziarekin alderatuta %2,5 gehiago.
Aurtengo lehen lau hilabeteetan osotara 123.896 bidaiari pasatu dira aireportutik, 2019ko epe berberean baino %34,4 gehiago; 1.641 hegazkinek lur hartu dute, edo bertatik abiatu dira epe horretan.