'Bidasoa Txingudiko elikagaiak' erakusketa ibiltaria, Hondarribian, Irunen eta Hendaian
Bidasoaren bi aldeetako agroekologia balioan jartzen dituen zortzi panel ibiltari sortu dituzte Laborek eta Hendaiakoopek. Gaurtik hilaren 27ra arte Irungo Palmera Monteron egongo da, ekainetik uztailera Hendaian, eta irailetik urrira Hondarribian.
Labore Txingudi eta Hendaiakoopek bat egin eta Bidasoa ibaiaren bi aldeetako eredu agroekologikoan oinarritzen diren tokiko ekoizpen eta kontsumo aukerak balioan jartzeko erakusketa ibiltari bat sortu dute. Zortzi panel handi dira irudi eta euskarazko testuez osatutakoak, eta beste hizkuntzatan irakurtzeko QR kode bat dago erabilgarri.
Lehen geldialdia Irungo Palmera Montero gunean egingo du, gaurtik maiatzaren 27ra bitartean. Bi kooperatibek proposatutako eskualdeko tokiko ekoizpen eta kontsumo aukerek “ingurumenarekiko, pertsonekiko eta ekonomiarekiko jasangarria den eredua” dira eta proiektu honekin “eskualdeko elikagaietatik abiatuz km0 ideiaren atzean dagoen esanahia aletzen” saiatu dira.
Agroekologia zer den definitu nahi izan dute ere antolatzaileek: “Askorentzat, agroekologia hitz potoloa eta ulergaitza bada ere, prozesu ekologikoak oinarri dituen nekazal ekoizpen sistema edo praktika da. Ingurumen ikuspegi soiletik harago, tokiko ezaugarri soziokulturalak, ekonomikoak eta teknikoak barne hartzen ditu”.
Eredu batez ari dira eta agroekologiarena “ingurumenarekiko jasangarria, ekonomikoki efizientea eta gizartearekiko bidezkoa den nekazaritza eredua” dela azaldu dute. “Elikagaiak sortu eta kontsumitzeko ikuspegi arduratsu honetatik edaten dugu, erakusketa honen antolakuntzaren atzean gauden elkarteak, Labore Txingudi eta Hendaiakoop”.
Bisitariak erakuskretan, beraz, eskualdeko agroekologiak bizi dituen aukera eta erronkak zein diren topatuko ditu eta zenbateko aniztasuna dagoen mundu honen barnean ere jakin ahalko du.
Helburua “pedagogikoa” dela azaldu dute antolatzaileek: “Haur eta familientzako ez ezik, km0 ideia edo filosofiaren atzean dagoen esanahia ulertu nahi duen ororentzat zuzenduta dago erakusketa hau”.
Horregatik, agroekologia egiteko kontuan hartu beharreko faktoreak biltzen ditu erakusketak: “Distantzia ez ezik, tokikotasunari lotutako bioaniztasuna, sasoiaren garrantzia, lurrarekiko errespetua eta prozesu hori posible egiten duten tokiko eragileen suspertze ekonomikoa barne hartzen ditu, izenez motza baina adieraz zabala den kontzeptua”.
Proiektu hau egikaritzeko Gipuzkoako Foru Aldundia eta Pirinio Atlantikoen departamentuaren arteko mugaz gaindiko Ideiak 2022 diru laguntza erabili dute. Era berean, nabarmendu dute proiektua bozkatu zuten herritarrei esker ere gauzatu ahal izan dutela.
Gainera, proiektua ez da erakusketara mugatuko eta eskualdeko ikastetxeetan Lehen Hezkuntzako azken zikloan dauden ikasleekin saioak egingo dituzte eta sortutako materialak ikastetxe eta irakasleen esku utziko dituzte, “gaia nahieran lantzeko aukera izan dezaten”.
Erakusketa ibiltariaren datak
Irunen: Maiatzaren 15etik 27ra, Palmera Montero gunean.
Hendaian: Ekainaren 20tik, uztailaren 1era, Hendaiako Mediatekan.
Hondarribian: Irailaren 25etik urriaren 9ra, Arma Plaza Fundazioan.