Irungo Udalak Aduana eraikin zaharra erosiko du
Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Aduana zaharraren partzela erostea onartu du aste honetan, eta eraikina estatuaren eskuetatik udalarenera igaroko da.
Irungo Udaleko Tokiko Gobernu Batzarrak Aduana zaharraren partzela erostea onartu du aste honetan. Udalak jakinarazi du partzela eta higiezina “funtsezkoak” izango direla “Via Irun trenbide eremuko hiri barruti berritzailearen garapenean”. Eraikina, gainera, estatuaren eskuetatik udalarenera igaroko dela adierazi dute.
Udalak estatuari erosiko dion eraikinaren partzela 9.000 metro koadro baino gehiagokoa dela aurreratu dute, eta 1,6 milioi euroko kostua izango du. Partzela eskuratuta, hurrengo urratsa zaharberritze proiektua enkargatzea izango dela azaldu du udalak. Horretarako, bost milioi euro dituztela onartu dute, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak emandako diru laguntza bati esker.
Udalaren esanetan, proiektuaren helburua da “Irungo Aduana zaharra Irungo Hiri Barruti Berritzailea sortzeko estrategiaren erdigune bihurtzea, berrikuntza, kohesio ekonomiko eta soziala, eraldaketa digitala eta egologikoa premisen arabera diseinatuta”.
“Ekipamendu publikoa” izango dela iragarri dute, herritarren, erakunde publikoen, jakintza eragileen, eragile teknologikoen eta mentoretza prozesuak dituzten enpresa pribatuen arteko elkarguneak batzen dituena, Pio XII.a eta Belaskoenea auzoekin muga egiten duen eremu hori “osorik birsortzeko”, eta “balio handiko” startup-ak sortzen, diseinatzen eta inplementatzen laguntzeko. Finean, “potentzial handiagoko aukerak ustiatzeko”.
Zaharberritu beharreko ondareak 2.100 metro koadro ditu eraikin nagusian eta 5.000 nabe zaharretan. Ekipamendu hor “Hiri Barruti Berritzaile baten motor publikoa” izango dela zehaztu dute, eremuaren hiri berronartze integrala bideragarri izatea aurreikusten dena: 34.850 metro koadro jarduera ekonomikorako, 25.400 etxebizitza libre eta sozialetarako, eta 25.000 baino gehiago parkeetarako.