[Elkarrizketa] "Gai ezberdinen gaineko irakurketak konpartitzeko espazio bat da"
Iazko azaroan sortu zuten Bor-Bor Hausnarketa Kolektiborako Plaza. Erantzunak bilatzea helburu duen espazioa sortu dute. Hurrengo proposamena Ukrainako gerraren inguruko hitzaldi bat da, hilaren 17an egingo dena.
Bor-Bor Hausnarketa Kolektiborako Plazak antolatu du hitzaldia. Zer da Bor-Bor?
Bor-Bor behar batetik sortu da. Erreferente ideologiko gutxi dauden garai honetan, erantzunak bilatzeko toki baten modukoa gara. Gai ezberdinen gaineko irakurketak konpartitzeko espazio bat sortu dugu, horietaz izan daitezkeen irakurketa politikoak egiteko.
Zer-nolako jarduerak antolatzen dituzue?
Ikasturte hasieran jarri ginen martxan, azaro aldera. Formakuntzaren esparruan ekintzak antolatzen ditugu. Orain arte hiru tailer egin ditugu, ekosozialismoaren, herri mugimenduen eta ekonomia sozial eraldatzailearen gaiak jorratuz. Orain, baina, tailer formatutik harago joan nahi izan dugu, eta horregatik antolatu dugu hitzaldia. Horrez gain, orain arte bideratu ditugun saioak formatu itxian egin ditugu, baina orain jendeari zabaltzea erabaki dugu, saio ireki bat eskainiko dugu.
Zertan datza hitzaldiak?
Gaurkotasuneko gaia izanik, interesgarria iruditu zitzaigun Ukrainako gerra eta Europako Batasunaren papera aztertzea, eta nor hobe Asier Blas baino. Irunera etortzeko proposamena luzatu genion eta gurekin egongo da. Blas Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia Politikoetan doktore da, eta espazio post-sobietarrean aditua.
Hitzaldiari dagokionez, datorren asteazkenean izango da, hilak 17, 18:00etan, Irungo Erdialdeko Auzo Elkartean, Geopolitika Ukrainako gerraren garaian. Zertan ari da Europar Batasuna? izenburupean. Hitzaldia, hortaz, hortik joango da: Ukrainako gerra eta gertakari horren harira, Europako Batasuna jokatzen ari den paperari buruz arituko gara.
Zergatik jorratu nahi duzue Ukrainako gerra eta horren aurrean Europako Batasunak duen papera?
Iruditzen zaigu gaurkotasuneko gai bat dela, guregan eragin handia duena. Gure eguneroko bizitza baldintzatzen ari da eta gehiago baldintza dezake. Ondorioetako bat da gure eguneroko bizitza erabat garestitu dela gerra honekin. Batzuetan pentsatzen dugu 4.000 kilometrora gertatzen ari den zerbait dela, baina eragina izaten ari da gure egunerokoan, prezioetan ikus daiteke hori.
Saioa euskara hutsean izango da, baina gaztelaniako itzulpen zerbitzua eskainiko duzue. Nola funtzionatzen du?
Bor-Borreko kideetako batek itzulpen zerbitzua eskaini zuen antolatutako beste jarduera batean, eta emaitza onak eman zizkiela esan zigun. Hitzaldia euskara hutsez izango da, egia da galderak norberak nahi duen hizkuntzan egin ahal izango dituela, baina guk ziurtatuko duguna da itzulpen zerbitzu erraz bat eskaintzea.
Itzulpen zerbitzua baliatu nahi dutenak hamabost minutu lehenago bertaratu beharko dira auzo elkartera. Pertsona horiekin Telegram talde bat sortuko dugu, eta momentuan egiten da itzulpena. Pertsona horientzat ezinbestekoa izango da sakelakoan Telegram aplikazioa instalatua izatea, eta aurikular batzuk eramatea