[Elkarrizketa] "Piraguismoak eragin handia izan du nire bizitzan"
Hamazazpi urteko ibilbide arrakastatsua osatu ondoren, goi mailako lehiaketa utzi du Ander Elosegik. Lau Olinpiar Jokotan izan da, bitan laugarren izanik. Munduko eta Europako txapelketetan ere hainbat domina lortu ditu, beti onenen pare egonik. Ate berri bat ireki du orain: lan munduan murgildu da. Hori bai, piragua alboratu gabe.
Ur bizietako piraguismoan urte askoko ibilbidea osatu ondoren, goi mailako lehiaketa uztea erabaki duzu. Zergatik?
Uste dut momentua iritsi dela. Azken urtea nahiko gogorra izan zen entrenamendu aldetik, sumatzen nuen kostatzen zitzaidala piraguara igotzea, eta ikusten nuen azken denboraldia izango zela. 2022ko Munduko Txapelketa egin baino lehen erabaki nuen hori izango zela nire azken txapelketa, eta horrela izan da.
Zaila egin zitzaizun erabakia hartzea?
Egia esan, ez zitzaidan zaila egin uzteko erabakia hartzea. Ikusten nuen azken urtea entrenamendu aldetik gogorra izaten ari zela, eta sumatzen nuen ez nuela gaztetxo batek duen grina. Erabakia hartzea ez da zaila izan, baina aldi berean, ez da erraza horrenbeste urtez egindako zerbait etetea. Hala ere, pentsatzen dut uzteko momentua zela.
Nolakoak izan dira lehiaketetatik aldendua izan zaren lehen hilabeteak?
Nahiko lasaiak izan dira. Lehen hilabeteak ezer egin gabe pasatu ditut, eta orain lan munduan murgiltzen ari naiz pixkanaka. Hartu dudan deskantsua ongi etorri zait, eta orain beste bizimodu bat hasten ari naiz.
Azaldu duzu azken urtean geroz eta gehiago kostatzen zitzaizula piraguara igotzea. Noiz konturatu zinen uzteko momentu egokia zela?
Momentua baino, prozesu bat izan da. Denboraldi osoan zehar ikusten nuen geroz eta gehiago kostatzen zitzaidala, eta erabakia hartu gabe konturatzen ari nintzen momentua iristen ari zela. Ezin dut une zehatzik esan, baina iazko udan erabaki nuen azken denboraldia izango zela.
Nola baloratzen duzu azken bi hamarkadetan osatutako ibilbidea?
Oso momentu politak bizitu ditut. Nire bizitzaren erdia baino gehiago eman dut mundu honetan. Beti dituzu momentu on eta txarrak gogoan; baina, noski, onak dira beti gehien gogoratzen dituzunak. Ibilbide honetan lagun asko egin ditut, oroitzapen oso politak daramatzat haiekin, eta beti izango da nire bizitzako etapa polit bat.
Aquariumeko agur ekitaldian aipatu zenuen kirol lorpenen gainetik piraguismoak emandako bizipenekin eta ezagututako jendearekin geratzen zarela. Zer eman dizu piraguismoak urte hauetan?
Piraguismoak dena eman dit, bizitza ia osoa eman dut mundu honetan. Ditudan oroitzapen eta bizipen gehienak piraguismoarekin lotutakoak edo bertan ezagututako jendearekin lotutakoak dira, eta esan daiteke naizena piraguismoagatik naizela, eragin handia izan du nire bizitzan. Piraguismoa nire bizitzaren zati handi bat da.
Kirol arloari dagokionez, zure ibilbidea ikaragarria izan da, lorpen ugari erdiesteaz gain, erreferente izan baitzara zure kirolean. Nola baloratzen duzu lortutako guztia?
Zaila egiten zait nire buruaren balorazio bat egitea, baina esan behar dut oso kontent nagoela egin dudanarekin. Denboraldi askotan egon naiz goi mailan lehiatzen, sasoi onak eta ez horren onak izan ditut, baina harro nago egin dudanarekin. Esan daiteke garaipen gehiago izan ditudala porrotak baino, baina ibilbide oso batek markatzen du dena. Beti esan izan dut hamar bat ematen diodala nire ibilbideari, ez onena izan naizelako, baina bai oso gustura geratu naizelako egindako guztiarekin. Betirako izango ditut oso oroitzapen politak.
Lau Olinpiar Jokotan lehiatu zara, eta nola gainera: denetan izan zara finalean, eta bitan, Pekinen eta Londresen, laugarren. Ikaragarria, ezta?
Bitan laugarren izate horrekin pena badut, bitan izan bainaizelako dominetatik oso gertu. Ezin izan dut domina hori lortu, baina lau Olinpiar Jokoetatik daramatzat oroitzapen bereziak, beti direlako bereziak bere horretan. Oso herrialde ezberdinetan izan dira denak, kultura ezberdinetan. Beti esan izan dut oso zorte handia izan dudala piraguismoan eta kirolean.
Munduko eta Europako txapelketetan ere hainbat domina lortu dituzu. Beti egon zara onenen pare.
Horietan ez dut inoiz irabaztea lortu, baina beti lehian izan naiz. Hori ere aintzat hartzekoa da.
Bitxikeria bat ere baduzu. Lau Olinpiar Jokotan lehiatu den Euskal Herriko gizon kirolari bakarra zara. Bada zerbait.
Beti esan izan dut besterik gabeko datu edo estatistika bat dela hori. Inork ez du bilatzen partaidetza gehien izatea, guk bilatzen duguna da partaidetza ahalik eta onena izatea, ni horrekin geratzen naiz. Lau Olinpiar Jokotan lehiatu naiz, eta lauetan finalera iristeko gai izan naiz, ez naiz paseatzera joan, prestakuntza oso ona izan zen lauetarako. Oso kontent nago horietan parte hartu izanagatik, eta lehen gizona izatea anekdotatxo bat besterik ez da, pentsatzen dut gehiago eta hobeak etorriko direla atzetik.
Zure ibilbide profesionaleko zein unerekin geratuko zinateke?
Momentu asko etortzen zaizkit burura. Emaitza aldetik, seguruenik, 2019ko Munduko Txapelketan lortu nuen domina nabarmenduko nuke. Horrez gain, beti kontatzen dut badudala beti gogoratzen dudan irudi bat. 2008ko Pekineko Olinpiar Jokoetan segundo gutxi geratzen zitzaizkidan finalari ekiteko, eta ikusi nuen harmaila guztia beteta zegoela. Irudi hori geratu zitzaidan buruan, eta oroitzapen politak datozkit.
Asebete eta kontent zoazela esan duzu, baina arantzarik geratu al zaizu?
Munduko eta Europako txapelketetan domina eskuratzea lortu dut, baina ez Olinpiar Jokoetan. Hori izan da beti nire helburua eta ametsa, jakinda banuela maila hor egoteko, baina ezin izan dut. Zerbait esatekotan, hori da geratu zaidan arantza. Baina, aldi berean, beti esan izan dut laugarren izan naizenean, laugarren gelditu naizela hiru hobeak izan zirelako. Goi mailako kirolak hori dauka, beti ezin da irabazi, eta nire kasuan horrela izan da.
Agur ekitaldian esan zenuen jasotako animo eta maitasunarekin eskertuta zoazela, jendeak aintzat hartu zaituela.
Hori kontuan hartzekoa da. Lehiatzen ari zaren bitartean badakizu edo sumatzen duzu jendeak jarraitzen zaituela. Baina nire kasuan asko hunkitu ninduen ikusi nuelako jendeak babestu nauela, batez ere gertuko jendearengandik berotasun eta goxotasun hori jaso dut. Eskertzekoa da.
Etapa bat itxi eta beste bat hasteko unea heldu zaizu. Baduzu proiekturik eskuartean?
Ingeniaritzako Gradua ikasi nuen, eta orain dudan proiektua da pixkanaka lan munduan sartzea eta bizimodu berri honi ekitea.
Etorkizunera begira, piraguismora lotuta egoten jarraituko duzu?
Bai, noski. Egia da ez naizela lehiatuko eta ez naizela lehiatzeko entrenatuko, baina pentsatzen dut entrenatzen jarraituko dudala; gutxiago, noski, baina erritmoa erabat ez galtzeko jarraituko dut piragua gainean. Nahiz eta azken hilabete hauetan nahiko utzia izan dudan, pentsatzen dut hemendik aurrera klubera etorriko naizela, eta ahal bada, gaztetxoei laguntzeko prest egongo naiz.
Jakina da piraguismoa ez dela kirol mediatikoa, zaila izaten da zuen kirolaren gaineko informazioa jasotzea. Nola hasi zinen zu piraguaren gainean? Nondik datorkizu zaletasuna?
Klubean dabiltzan gaztetxo guztiak bezala hasi nintzen. Santiagotarrak klubak lan handia egiten du zentzu horretan, batez ere Irungo gazteak erakartzeko. Nire kasuan horrela izan zen. Eskolara iritsi zitzaigun udako ikastaro aukera bat, parte hartzea erabaki nuen, eta asko gustatu zitzaidan. Ikastaro txiki batetik beste batera pasatu nintzen, eta bi entrenamendu egitetik lau egitera pasatu nintzen; eta konturatzerako barruan nintzen.
Etxeko Santiagotarrak klubean egin zenituen lehen urratsak. Zein oroitzapen etortzen zaizkizu burura?
Oso oroitzapen politak dauzkat. Hasieran, egunetik egunera beti ikasten nuen zerbait, egunetik egunera ikusten nuen hobea nintzela, eta piragua gehiago menperatzen nuela. Horiek dira sentsazio politenak, bai piraguismoan baita kirol guztietan ere. Ikustea zure esfortzuarekin nola hobetzen duzun eta aurretik egiten ez zenituen gauzak nola egiteko gai zaren, ikaragarria da. Momentu horiek dira politenak, bai gaztetan baita goi mailan ere.
Zu ez zara egongo, baina atzetik jendea etorriko da. Nolakoa da piraguismoaren egoera? Etorkizuna bermatua du?
Ez nago kezkatuta, ikusten dut badagoela harrobi polita Irunen eta Gipuzkoan. Nik uste dut piraguista onak datozela eta edukiko ditugula emaitza onak lortuko dituzten piraguista gipuzkoar olinpikoak. Alde horretatik, ez nago kezkatuta, uste dut klubak oso lan ona egiten ari direla.