Aire zabaleko pintura ikastaroa, hilaren 20an
Paisaian eta naturan interesa duten pertsona guztiei zuzenduta dago eta izen-emateak irekita daude jada. Hilaren 26an, gainera, zeramika ikastaro bat egingo da Marrazketa eta Pintura akademian.
Marrazketa eta Pintura Udal Akademiak aire zabaleko pinturako lau orduko ikastaro bat antolatu du hilaren 20rako. Paisaian eta naturan interesa duten pertsona guztiei zuzenduta dagoela nabarmendu dute antolatzaileek. Tailerraren helburuak Bidasoako inguruneko paisaiara hurbiltzea eta aire zabalaz gozatzea direla azaldu dute, “jarduera atsegina eginez”.
Hilaren 20ko saioa 10:00etatik 14:00etara izango da. Izen-emateak irekita daude jada eta Irungo Udalaren egoitza elektronikoaren bitartez egin behar dira. Hilaren 20a da izena emateko azken eguna.
Taldea osatzeko gutxienez bost pertsona elkartu beharko direla jakinarazi du udalak, eta taldea gehienez hamabost lagunekoa izango dela gaineratu dute. Parte hartzeko aurretiko esperientzia behar ez dela zehaztu dute eta ikastaroaren prezioa 21,6 eurokoa da.
Informazio gehiagorako, bide ezberdinak ahalbidetu dituzte: HAZ zerbitzua, Irungo Udaleko Kultura arloa, Marrazketa eta Pintura akademiaren helbide elektronikoa eta 606 22 04 17 eta 695 75 29 94 telefono zenbakiak.
Zeramikaren hastapenak
Pintura ikastaroaz gain, zeramika ardatz duen tailer bat ondu dute hilaren 26rako. Jarduera hori zeramika inoiz egin ez duten eta bertan hasi nahi duten pertsonei bideratua dagoela baietsi dute antolatzaileek.
Saio horretan terrakota erabiliko da eta antolatzaileek emango dute beharrezko materiala. Ikastaroan oinarrizko hiru teknikak landuko direla zehaztu dute: txurroak, plakak eta atximurrak. Piezak lehortu ondoren bizkotxatuko direla aurreratu dute, eta hurrengo egunetan parte hartzaileei jakinaraziko zaie jaso ditzaten.
Zeramikaren ikastaroa 10:00etatik 18:00etara izango da Marrazketa eta Pintura akademian, eta bazkaltzeko etenaldi bat egingo dute 13:00ak aldera. Antolatzaileek janaria eta edaria eramatea gomendatzen dute.
Izen-emateak hilaren 15etik 25era bitartean egin beharko dira egoitza elektronikoaren bitartez. Tailerraren prezioa 40,80 eurokoa da eta informazio gehiagorako 617 47 90 21 telefonoa jarri dute eskuragarri.