Abenturaero udalekuetan maiatzaren 15etik aurrera ahalko da izena eman
2012 eta 2015 urteen bitartean jaiotakoei zuzenduta dago aste bat irauten duen udaleku hau. Plazen zozketa ekainaren 5ean egingo dute.
Abenturaero udalekuetan izena emateko aukera maiatzaren 15ean irekiko dela jakinarazi du Irungo udalak. Programa honek aste bat irauten du, astelehenetik larunbatera eta goizetan, eta jarduera asko egiten dituzte: “eskalada, stand up paddlea, surfa, slacklinea, abentura-parke bat…”.
Deialdia 2012 eta 2015 urteen bitartean jaiotakoei zuzenduta dago, hiru txanda eskainiko dituzte eta 60 haurrentzako lekua izango da, txanda bakoitzeko 20 haur. Txanda bakoitzean plaza bat gordeko dute dibertsitate funtzionala duten edo instituzionalizatuta dauden haurrentzat.
Izena emateko epea maiatzaren 15ean hasi eta 25ean bukatuko da, bi egunak barne, eta udalaren orrialdean egin behar da, edota autozerbitzuko terminaletan.
Izen emate horiek behin-behinekoak izango dira eta fitxa bakoitzean bi izen-emate onartuko dituzte gehienez txanda berdinean, “anai-arrebena, lagunena eta abar”.
Lehenengo txanda, uztailaren 24tik 29ra izango da; bigarrena, uztailaren 31tik 5era; eta hirugarrena abuztuaren 7tik 12ra. Txanda guztiak euskaraz izango dira.
Zozketa bidez hautatuko dituzte parte-hartzaileak ekainaren 5ean, 10:00etan, eta onartutako eta baztertutako pertsonen behin-behineko zerrenda maiatzaren 30ean eta 31n egingo dituzte publiko udalaren orrialdean, 010 edota 943 50 51 52 telefonotara deituta, eta HAZeko autozerbitzuko terminaletan. Behin betiko zerrenda, aldiz, ekainaren 12tik 19ra argitaratuko dute.
Prozesua amaitzen denean, bilera bat egingo dela udalekuetara joango direnen gurasoekin azaldu du udalak, “programaren informazio guztia partekatzeko”.